Marrazketa eta meme lehiaketak antolatu ditu Bertanek

Erabiltzailearen aurpegia \N 2020ko mar. 18a, 16:06

COVID-19 gaitzak eraginda bizi dugun egoeraren aurrean, marrazketa eta meme lehiaketak antolatu ditu Bertan merkatarien elkarteak. \ \ Koronabirusak eta hari aurre egiteko hartu diren neurriek eraginda, konfinatuta etxean ordu asko igarotzera behartuta gaude. Egoera horrek kezka, buruhauste eta aspertze momentu ugari sorrarazi ohi ditu. Aldi berean, ordea, askotan ezkutuan izan ohi den irudimena azaleratzen du. Horren aurrean, familien entretenimendua bultzatu eta irudimena landu nahian, Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak marrazketa eta meme lehiaketak jarri ditu abian.\ \ Marrazki lehiaketa haurrei eta gaztetxoei zuzenduta egongo da. 13 urte edo gutxiago dituztenek parte hartu ahal izango dute bertan, betiere, gurasoen edo tutoreen baimenarekin. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek marrazki bat bidali beharko dute 688 82 39 44 zenbakira Whatsapp bidez, eskaneatuta (koloretan) edo argazki bat aterata. Marrazkia egiteko gaia COVID-19 gaitzak eragindako egoera honetan daukagun bizimodua izango da; marrazkia errealista edo fantastikoa izan daiteke, umorezkoa, beldurgarria, hezigarria, eguneroko egoerak islatzen dituena, futurista, etab. Lanak eskuz egin beharko dira, baina edozein teknika, tamaina eta material erabili ahal izango da. Marrazkiarekin batera, izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono zenbakia adierazi beharko dira.\ \ Memeen kasuan, gazteei eta helduei zuzenduta egongo da lehiaketa. 14 urte edo gehiagoko gazteek eta helduek parte hartu ahal izango dute, eta 14 eta 18 urte bitarteko haurrek euren gurasoen edo tutoreen baimena beharko dute parte hartzeko. Euskarazkoak izan beharko dute memeek, eta marrazkiek bezala, COVID-19 gaixotasunak eragindako egoera honetan daukagun bizimodua izango da gaia. Parte hartzeko, kasu honetan ere, 688 82 39 44 zenbakira bidali beharko da memea, Whatsapp bidez; bakarra bidali ahal izango da parte hartzaileko. Memea bidaltzearekin batera, izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono zenbakia adierazi beharko dira.\ \ Bi lehiaketen kasuan, lanak aurkezteko epea martxoaren 25ean amaituko da. Behin lanak jasota, Bertan merkatarien elkarteko Facebook orrialdean eskegiko dituzte horiek (@azpeitinbertan), eta sare sozial horren erabiltzaileak izango dira marazki zein meme onenak aukeratuko dituztenak, gustukoen dituzten lanei 'atsegin dut' emanez. Apirilaren 2ko 12:00tan 'atsegin dut' gehien dituzten lanek eramango dituzte lehiaketako sariak.\ \ Boto gehien lortzen dituztenek –marrazkien nahiz memeen kasuan– ehun euroko erosketa bonoak jasoko dituzte; bigarren gelditzen direnek, 75 euroko bonoak; eta hirugarrenek, berriz, 50 eurokoak. Aldi berean, Facebookeko bozketan parte hartzen duten erabiltzaile guztien artean bi 50 euroko erosketa bono zozkatuko dira; bata marrazkien lehiaketako botoen artean, eta bestea memeen lehiaketakoen artean.\ \ Lehiaketako oinarriak honako lotura honetan ikus daitezke: https://drive.google.com/file/d/1MTgn2NygFlVpHGnlj6-qMxvxFz5RTj3W/view?usp=sharing

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide