Gabonetako marrazki lehiaketa antolatu du Bertanek Santo Tomas egunerako

Santo Tomas eguna ohiko moduan ospatuko ez den arren, haur eta gaztetxoei zuzenduriko marrazki lehiaketa antolatu du Azpeitiko Bertan merkatari elkarteak.

Ezohiko Santo Tomas eguna izango da aurtengoa. Pandemiaren ondoriozko neurriak medio, eta batez ere ostalaritzaren itxierak eraginda, ez da egunaz disfrutatzeko betiko aukerarik izango. Dena den, haur eta gaztetxoei zuzendutako Gabonetako marrazki lehiaketa antolatu du Bertanek.

Parte hartu nahi dutenek Gabonen inguruko marrazki bat egin beharko dute, DIN A4 neurriko paperean, nahi duten teknika erabiliz. Marrazkia norberak bere kasara egin beharko du, etxean, eta udaletxe azpian kokatuko den postura eraman beharko du Santo Tomas egunez, 10:00etatik 12:00etara bitartean.

Jasotako marrazkiak udaletxe azpian ikusgai izango dira egunean zehar, eta arratsaldeko 19:00etan Diart arte eskolako kideek osaturiko epaimahaiaren balorazioaren ostean, saridunak zeintzuk diren adieraziko da. Hiru mailatan bereiziko da lehiaketa:
 
  • Lehen hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailak
  • Lehen hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailak
  • Bigarren Hezkuntza.

Maila bakoitzean hiru saridun izango dira, eta 50euroko, 30euroko eta 20 euroko erosketa bonuak lortuko ditzute horiek. Bertanen webgunean kontsultatu ditezke lehiaketaren oinarriak.

Merkatari elkarteak Azpeitiarrak Santo Tomas egunez herrian gelditzera animatu nahi ditu; horretarako, etxeko txikienentzako ekimen hau antolatu du.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide