Bertan merkatari elkarteak herritarrei zuzenduriko jolas berri bat jarri du martxan: Bertiren bila. Herriko hainbat saltokitako erakusleihoetan Berti maskota egongo da ezkutatuta, eta hori aurkitzen duten herritarrek saltokira sartu eta saria eskatu ahal izango dute.
Kulturaz kooperatibak antolaturiko kultur ekitaldi batetarako sarrera bikoitza izango da saria. Esate baterako, hurrengo asteetan izango diren Bulego edo Zetak taldeen kontzertuak ikusteko sarrerak edota Iñaki Urrutiaren bakarrizketarako gonbidapenak lortu ahal izango dira.
Momentu honetan Bertan elkarteko herriko lau saltokitan dago ezkutatuta Berti. Dena den, urte osoan zehar martxan egongo da jolasa, eta unean uneko ekitaldien arabera joango da aldatzen saria, baita Bertiren ezkutalekua ere.