Urtero gisa, Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak Gabonetako argiak jarriko dituzte kalean. Azpeitiko zenbait kaletan eta Urrestillan jarriko dituzte aurten ere argiak; dagoeneko hasi dira hainbat lekutan horiek jartzen. Hala ere, abenduaren 3tik urtarrilaren 8a bitartean izango dira piztuta; iluntzen duenetik (automatikoki pizten dira) gauerdira bitartean izango dira piztuta egunero, 40 egun horietan.
Egunero, gehienez, sei orduz piztuta izango direla aurreikusita, 12,36 kWh kontsumoa izango dute argiek orotara (bataz beste, 0,36 etxek urtebetean duen kontsumo energetikoa). Eguneko hamabost euroko gutxi gorabeherako kostua izango dute horiek argindar kontsumoan; guztira, 600 euro ingurukoa.
Kaleetan ipintzen diren argiak alokatu egiten dira, eta aurtengo aurrekontua 16.692 eurokoa da. Horietatik 12.705 euro Bertanek ordaintzen ditu, Eusko Jaurlaritzatik horretarako jasotako laguntza baten bidez. Falta diren 3.987 euroak Azpeitiko Udalak jarriko ditu merkataritza txikiari bultzada emateko helburuz.