Bertanek 'Oparien erruleta' egingo du bere hamabosgarren urteurrena ospatzeko

Azpeitiko merkatari elkartea sortu zela hamabost urte bete direla eta, Bertanek hainbat ekintza egingo ditu; horien artean, dagoeneko abian den Oparien erruleta kanpaina.

Herriko merkatariek kanpaina berezi bat hasi dute: Oparien erruleta. Urriaren 27ra bitartean Bertaneko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroek txartelak eskuratuko dituzte eta, horien bidez, erruletan jaurtiketa bat egin eta sariak irabazteko aukera izango dute.

Erruleta datorren astean, urriaren 23tik 27ra, herriko auzo desberdinetan egongo da, goizez edo arratsaldez. Bezeroek dendetan lortutako txartelekin hurbildu beharko dute erruletara, txartelean bertan adierazitako kokaguneetako batera, eta txartel bakoitzeko jaurtiketa bat egin ahal izango dute.

Hainbat opari banatuko ditu Bertanek kanpaina honetan, hala nola Bertan bizi, Bertan erosi lelodun katiluak, txanpon-zorroak, boligrafoak, kristalezko kantinplorak, yo-yoak... eta bost euroko erosketa bonuak ere bai.

Honakoak izango dira erruletaren ordutegiak eta kokaguneak:

  • Urriak 23, astelehena: 17:00 -19:00, Perez Arregi plazan (Etxe-Zuriko plazatxoa).
  • Urriak 24, asteartea: 11:00 -13:00, Euskal Herria kalean.
  • Urriak 25, asteazkena: 11:00 -13:00, Jose Artetxe kalean (Pastorkua aurreko plazatxoa).
  • Urriak 26, osteguna: 17:00 -19:00, herriko plazan.
  • Urriak 27, ostirala: 17:00 -19:00, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan.

Esan bezala, txartelean adieraziko da bezeroek zein lekutan eta ordutan egin dezaketen jaurtiketa. Txartel bakoitzean bi leku/ordu agertuko dira, eta bietako batean soilik erabili ahal izango da txartela. Hau da, txartel bakoitzeko jaurtiketa bat.

Ekintza hau Bertan elkartearen hamabosgarren urteurreneko ospakizunen artean kokatzen da. Horretaz aparte, merkatari elkarteko saltoki guztietan apaingarri bat dago ikusgai, Bertanen koloredun lorez osaturiko dekorazio elementua. Modu honetan, elkarteko kideen arteko batasuna islatu nahi da.

Aurrerago, azaroaren 11n, merkatariak ospakizun bazkaria egingo dute, beraien arteko harremanak estutzeko eta gozatzeko unea izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide