Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du, eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman. Helburu horiek uztartuz jarriko dute martxan, berriro ere, Azpeitia Zaindu bonuen deialdia.
50 euroko balioa izango duten 4.000 bonu aterako dituzte, eta 35 euroan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Maiatzaren 22 arratsaldean, asteazkena, hasiko dira bonuak saltzen. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta 2024ko uztailaren 30era arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.
Azpeitiko Udalaren eta Bertan Merkatari Elkartearen artean antolaturiko ekimena da honakoa. Dena den, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertaneko kide direnak. Kanpainaren aurreko edizioan parte hartu zuten establezimenduak automatikoki partaidetzat hartuko dira oraingo honetan ere, aurkakorik adierazten ez duten bitartean. Gainontzean, ekimenean lehen aldiz parte hartu nahi duten establezimenduek merkatari elkartearekin jarri beharko dute harremanetan, 943-02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Maiatzaren 20an, astelehena, 12:00etan itxiko da izena emateko aukera.
Aurreko hainbat kanpainetan bezala, oraingoan ere aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2006ean jaiotakoei) 15 euroko bonua oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Ekimen honen bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta, horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen. Onuradunek gutun bidez etxean jasoko dute ekimenari buruzko informazio guztia.
Udalak 60.000 euro bideratuko ditu guztira bonu kanpaina honetara, eta herritarren ekarpenekin batera, ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan.
Kanpainaren aurkezpen argazkiak elkartu ditu udal ordezkariak eta merkatariak. Nagore Alkorta Alkatearen hitzetan, "merkataritza txikiaren aldeko apustu sendoa" egin du beste behin ere Azpeitiko Udalak : “Merkararitza txikiarentzat ez dira une errazak, eta herriko ekonomia sustatu eta Azpeitiaren alde egiteko helburuz sortu genituen bonu kanpaina hauek, Bertanekin elkarlanean. Urtez urte duten eraginaren balorazio positiboa egiten dugu, eta aurtengoan ere egitasmoarekin jarraitzea erabaki dugu”, zehaztu du.
Bertan Elkarteko juntakideek ere ildo beretik hitz egin dute: "Bonu kanpainak zuzeneko eragina du saltoki txikien jardueran, eta beste behin bultzada garrantzitsua izatea espero dugu”. Aldi berean, honako hau adierazi dute: “Salmentara aterako den bonu kopurua esanguratsua da, eta espero dugu interesa duten herritar guztiek eskuratzeko aukera izatea. Azken batean, herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu gure erosketa erabakiekin eta horretarako erraztasuna eskaini nahi dute bonuek”.
Kanpainaren xehetasunak
- Bonuak guztira: 4.000. 174 aurten 18 urte betetzen dituzten herritarrei oparituko zaizkie, eta gainontzekoak, 3.826 bonu, salgai jarriko dira, aurrez-aurre (1.913) eta on-line (1.913).
- Prezioa: 35 eurotan erosi ahal izango dira bonuak, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute.
- Erosleak: Pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez. 16 urtetik gorakoek erosi ahal izango dituzte bonuak.
- Erabilpena: Bonu bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu. Erosketa berean gehienez lau bonu (20 txartel) pilatu ahal izango dira. Bonuak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonuaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du.
- Non erosi: Aurrez aurre, Azpeitiko Azoka Plazan, maiatzaren 22an 16:00etatik 20:00etara eta, maiatzaren 23an 09:30etatik 13:30etara eta 15:30etatik 17:00etara. Online, ordutegi berean, honako helbidean.
- Epea: bonuek, 2024ko uztailaren 30era arteko balioa izango dute.