Arrakasta handia izan du 'Azpeitia Zaindu' bonu kanpainak

(Argazkia: Bertan)

Kanpainak oso harrera ona izan du, beste behin, eta bonu guztiak 24 orduren barruan agortu dira.

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak iragarri dute Azpeitia Zaindu kanpainako bonu guztiak agortu direla. Herritarren erantzun harrigarriari esker, eskuragarri zeuden 3.826 bonuak denbora aipagarrian saldu dira. Horrela, agerian gelditu da Azpeitiko biztanleek tokiko merkataritzarekiko duten konpromisoa.

Udalak 60.000 euro bideratu ditu kanpainara, eta herritarren parte hartzeari esker, ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du tokiko merkataritzan. Elkarlanaren bidez emaitza handiak lortu daitezkeela agerian gelditu da, berriro. 

Herritarrei eskerrak ematea

Antolatzaileek eskerrik beroenak eman nahi dizkiete ekimen honetan parte hartu duten herritar guztiei. Jendearen erantzunak, kanpainaren arrakasta ziurtatzeaz gain, bultzada handia emango dio tokiko ekonomiari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide