Nire Azpeitia, Azpeitiko eragileek argitaratutako edukien horma digitala

Nire Azpeitiaren aurkezpena, Azoka Plazan.

Gaur hasi du bere ibilbidea nire-azpeitia.eus plataforma digitalak, eta Azoka Plazan egindako ekitaldian ezagutarazi dituzte proiektuaren xehetasunak. 

Azpeitiko Udalak eta Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak Nire Azpeitia plataforma digitala (www.nire-azpeitia.eus) aurkeztu dute gaur. Plataformak herriko informazio praktiko guztia toki bakar batean biltzen du, Internetetik erraz eta arin sartzeko moduan.

Nire Azpeitiak hainbat atal nagusi ditu, hala nola horma digital bat, tokiko saltokien, elkarteen eta enpresen argitalpenekin; negozio eta elkarteen direktorio bat; bizilagunen intereseko informazioa (guardiako farmaziak, garraio ordutegiak...), kultura eta aisialdi ekitaldien agenda; eskaintza eta deskontu bereziak eta teknologia digitaletan prestakuntza jasotzeko edukia.

Bertaneko ordezkari Xabier Aldalurren arabera, Nire Azpeitia “topagune digital bat" izango da, eta azpeitiarrei beren herrian gertatzen den guztiaren berri izateko aukera emango die, “kultur ekitaldietatik hasi eta bertako saltokietako albiste eta berrikuntzetaraino".

Nagore Alkorta alkateak, berriz, denda txikiek herriari egiten dioten ekarpena txalotu du, eta plataforma tokiko merkataritza indartzeko lagungarri izateko esperantza agertu du. “Garaiak aldatzen ari dira, eta badakigu mundu digitalak zenbateko pisua hartu duen. Tokiko merkataritzaren ezaugarrietako bat izan da unean uneko egoerara egokitzeko gaitasuna, eta espero dugu Nire Azpeitia baliagarria izango dela etorkizuneko Azpeitia ere dendaz, tabernaz eta zerbitzuz betetakoa izateko, denok hala izatea nahi baitugu”.

Nire Azpeitia plataforma proiektu zabalago baten barruan kokatu dute, eta Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsekin finantzatutakoa da. Modernizaziorantz eta irisgarritasunerantz urrats esanguratsua da, eta komunitatearen interakzioa eta herriaren garapen ekonomikoa sustatzen ditu; aldi berean, Azpeitiko eragileak ahalduntzen ditu mundu digitalean aritzeko.

Ehun entitatek baino gehiagok parte hartu dute proiektua aurkeztu aurreko prestakuntza tailerretan, eta frogatuta geratu da edonork erraz erabil dezakeen tresna dela. Nire Azpeitian profila izan nahi duten negozioek edo elkarteek 943-02 56 73 telefonora deitu edo info@nire-azpeitia.eus helbidera idatz dezakete, edo helbide honetan eskura dezakete informazio gehiago: https://www.nire-azpeitia.eus.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide