Stock Azoka egingo dute ostiralean eta larunbatean Azpeitiko dendariek

Bertaneko dendariak eta ordezkariak, Azoka Plazaren aurrean. (Bertan merkatari elkartea)

Azpeitiko merkatariek Stock Azokaren edizio berri bat egingo dute datorren asteburuan, irailaren 13an eta 14an. Guztira, 42 saltoki izango dira azokan parte hartuko dutenak, denboraldiz kanpoko produktuak prezio murriztuetan eskainiz. Bertako ekoizleen ostiraleko eta larunbateko azokak ere mantendu egingo dira, plazan.

Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak antolatuta, udaberri-uda denboraldiko produktuen Stock Azoka egingo dute Azpeitiko saltokiek. Ostiral arratsaldean eta larunbatean, goiz eta arratsalde, herriko hainbat puntutan stock postuak jarriko dituzte, prezio beheratuetan erosketak egiteko aukera eskainiz. 

Ostiral arratsaldean hasiko da Stock Azoka, eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Larunbatean, berriz, goiz eta arratsalde egongo dira postuak irekita, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 

42 saltoki eta hamaika ekintza

Guztira, 42 saltoki izango dira ekintzan parte hartu eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskainiko dituztenak. Stock Azokaren gune nagusia Azoka Plaza izango da, han, hamahiru postu aurkitu ahal izango dituzte herritarrek: Aitzaki kirolak, Esnaola Tien 21, Euskadi Sport, Danetik opari denda, Despentsa Naturala, Ilargi, Jostaldi Kirolak, Larrañaga kirolak, Martina Isasti, Nerea Eskulanak, Oihele, Sein Briko eta Ubbo. 

Horiez gain, beste 29 postu jarriko dituzte, bakoitza bere saltoki aurrean kokatuta: Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Arku, Arrate Outlet, Arrospide, Azkue mertzeria, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Furundarena, Gau Argi, Geu, Iosu optika, KaÏoa, Koket, Kotoi, Mina mertzeria, Ohana Barefoot, Ordulari, Ostadar, Romaes, Tilin Talan, Trapos, Ufito, Zume eta Zuri Beltz. 

Stockaren bueltan, Kids&Us akademiak haurrentzako jolasak eskainiko ditu. Ostiral arratsaldean izango dira horiek, 17:00etatik aurrera, plazan, eta zortzi hilabetetik sei urte bitarteko haurrentzako eskaintza izango da. Ildo beretik, larunbat goizean hainbat hezitzaileek gaztetxoentzako jolasak eskainiko dituzte. 11:30ean hasiko dira jolasak Jose de Artetxe kaleko plazatxoan.

Gainera, beste hainbat dinamizazio ekintza antolatu dituzte: Berti maskota ibiliko da kaleetan zehar, bai ostiralean zein larunbatean eta Ekotalo postua egongo da plazan, larunbatean egun osoz. Hori gutxi balitz, zozketak ere ez dira faltako; izan ere, azokan erosketak egiten dituztenen artean 100 euroko sei erosketa bono zozkatuko dira. 

Bertako ekoizleen postuak, plazan

Aldi berean, ostiral eta larunbatetan izan ohi diren bertako ekoizleen azokak mantenduko dira. Hala ere, Stock Azokako dendarien postuak tarteko, plazan egongo dira ekoizleen postuak.

Beste urte batez, Stock Azokak Azpeitiko saltokien deskonturik hoberenak aprobetxatzeko eta bertako merkataritzari laguntzeko aukera bikaina eskainiko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide