Azken urteetan bezala, aurten ere hanburgesa eta garagardo dastaketa antolatu dute Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako harakinen elkarteak, Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak. Maiatzaren 24an, larunbatez, izango da aurtengo hitzordua, eta aurten, berrikuntza bat ere izango da: Azpeitiko hanburgesarik onena izendatzeko lehiaketa egingo dute egun horretan.
Gipuzkoako hanburgesa haragi lehiaketa ere gauzatuko dute, harategiei zuzenduta, aurreko urteetan egindako gisan, eta hanburgesak dastatzeko aukera izango dute herritarrek. Dena den, horrez gain, aurtengo berrikuntza izango da Azpeitiko tabernei eta jatetxeei zuzendutako hanburgesa lehiaketa. Egitasmoaren sustatzaileek esan dutenez, tokiko ostalaritzaren lanari balioa emango diote eta horietan egiten dituzten hanburgesen kalitatea eta originaltasuna sarituko dituzte.
Izen-ematea zabalik
Herriko taberna eta jatetxe guztiek izango dute Azpeitiko hanburgesa onenaren lehiaketan parte hartzeko aukera. Horiek doan eman ahal izango dute txapelketarako izena, eta establezimentu bakoitzak hanburgesa bat aurkeztu ahal izango du –ohiko kartan eskaintzen duena edo lehiaketarako espreski prestatua– lehiara.
Lehiaketara aurkeztuko duten hanburgesa nahieran presta dezakete, baina formatu klasikoa mantendu beharko dute; ogia, haragia eta osagarriak izan beharko ditu. Gainera, lehiaketara aurkeztutako hanburgesa, gutxienez lau astez kartan eskaini beharko dute txapelketan parte hartzen duten tabernek eta jatetxeek, hau da, ekainaren 22ra arte. Hanburgesa horrek, gehienez, hogei euroko prezioa izango du.
Izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko, eta maiatzaren 14a izango da horretarako azken eguna. Azpeitiko jatetxeetako nahiz tabernetako ordezkariek bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali, 943 02 56 73 telefono zenbakira deitu edo 688 82 39 44 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidali beharko dute izena emateko.
Hanburgesa formako garaikurra
Izen-emate epea ixten dutenean, izena ematen duten tabernetako eta jatetxeetako ordezkariekin hitzordua zehaztuko dute lehiaketaren antolatzaileek. Maiatzaren 19tik 23ra bitartean elkartuko dira horiek, eta antolatzaileek taberna edo jatetxe bakoitzean jasoko dute horiek lehiaketarako prestatutako hanburgesa –hanburgesa bat prestatu beharko du horietako bakoitzak–.
Lehiaketaren sustatzaileek tuper bana utziko dute izena ematen duten establezimentuetan, epaimahaiak modu anonimoan egin dezan dastaketa. Epaimahai hori hiru adituk osatuko dutela aurreratu dute txapelketaren antolatzaileek.
Azpeitiko hanburgesa onenaren txapelketaren irabazleak, Azpeitiko hanburesa onenaren izendapena ez ezik, hanburgesa formako oroigarri bat jasoko du maiatzaren 24an egingo duen sari banaketa ekitaldian. Azoka Plazan egingo dute ekitaldia, harakinei zuzendutako lehiaketako sari banaketarekin batera.
Egitasmoaren antolatzaileek tokiko ostalariak animatu dituzte erronka gastronomikoan parte hartzera eta egiten duten "lan ona" erakustera. Lehiaketaren oinarriak eta haren gaineko informazio guztia honako lotura honetan kontsulta daitezke.