Stock Azoka egingo dute ostiralean eta larunbatean Azpeitiko dendariek

Erabiltzailearen aurpegia Bertan merkatari elkartea 2025ko ira. 16a, 09:31

Azpeitiko merkatariek Stock Azokaren edizio berri bat antolatu dute ostiral eta larunbat honetarako. Azoka plazan nahiz saltokien aurrean jarriko dituzte postuak, eta herritarrek udako nahiz udaberriko produktuak erosi ahal izango dituzte, ohi baino prezio baxuagoetan. Bertako ekoizleen ostiraleko eta larunbateko ohiko azokak ere mantendu egingo dituzte.

Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak antolatuta, udaberri eta uda denboraldiko produktuen Stock Azoka egingo dute herriko saltokiek. Ostiralean nahiz larunbatean stock postuak aurkitu ahal izango dituzte herritarrek herriko puntu ezberdinetan, eta prezio baxuagoen trukean erosketak egiteko aukera izango dute.

Ostiral arratsaldean hasiko da Stock Azoka, 16:00etatik 20:00etara. Larunbatean, berriz, goizean eta arratsaldean egongo dira postuak zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Guztira, 42 saltoki izango dira azokan parte hartuko dutenak, eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskainiko dituzte. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da; han honako 11 postu hauek aurkitu ahal izango dituzte herritarrek: Aitzaki kirolak, Arrate Outlet, Euskadi Sport, Ilargi, Jostaldi Kirolak, Larrañaga Kirolak, Martina Isasti, Nerea Eskulanak, Sein Briko, Ubbo eta Kids&Us; azken hori ostiralean soilik.

Horiez gain, beste 31 postu egongo dira, bakoitza bere saltoki aurrean kokaturik: Adi optika-audio zentroa, Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Ametsen Txokoa, Arku, Arrospide, Artetxe-Bastida farmazia, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Esnaola Tien 21, Furundarena, Geu, Iosu optika, KaÏoa, Koket, Kotoi, Kukua, Mina mertzeria, Ohana Barefoot, Oihele, Ordulari, Ostadar, Romaes, Tilin Talan, Ufito, Urbistondo, Zume eta Zuri Beltz.

Zerbitzuen erakusleihoa

Gainera, aurten lehendabizikoz, zerbitzu gunea deituriko espazio bat egongo da Azoka Plazaren barruan. Gune honetan, herriko enpresa hainbatek beren zerbitzuak herritarren aurrean aurkeztuko dituzte. Horrela, ostiral arratsaldean Artetxe-Bastida farmaziak azaleko azterketak egiteko aukera eskainiko du. Larunbatean, 10:30etik aurrera, Prest tindategia, Mendata estudio grafikoa, Kiribil ekodenda eta Kimura alkimia, Inar optika eta Eguzki belar denda izango dira beren zerbitzuen berri ematen. Gunea ixteko, larunbatean, 13:00etan, zuzeneko kontzertua emango du Gartxotek.

Beste hainbat dinamizazio ekintza ere egingo dituzte bi egun horietan: ostiralean azokan erosketak egiten dituzten lehen herritarrei Sanagustin eta Pastorkua tabernetan erabili ahal izango diren Pintxoa Doan izeneko bonuak banatuko dizkiete; larunbatean, 17:30etik 19:30era, umeentzako tailerrak izango dira Balentina Agirre plazan. Halaber, Berti maskota ibiliko da kaleetan zehar bi egunetan, eta, hori gutxi balitz, zozketak ere ez dira faltako; izan ere, stockean erosketak egiten dituztenen artean ehun euroko sei erosketa bonu zozkatuko dituzte.

Aldi berean, ostiraletan eta larunbatetan izan ohi diren bertako ekoizleen azokak egin egingo dituzte. Dena den, dendarien postuak tarteko, plazan egongo dira ekoizleen postuak.

Beste urte batez, Stock Azokak Azpeitiko saltokien deskonturik onenak aprobetxatzeko eta bertako merkataritzari laguntzeko aukera bikaina eskainiko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide