Bueltan da Bertan merkatari elkartearen Preziyo Juxtue lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Bertan merkatari elkartea 2025ko urr. 3a, 10:11

Telebistako El precio justo lehiaketa mitikoan oinarritutako lehiaketa berreskuratu dute hainbat urteren ondoren, herriko merkataritza dinamizatzeko. Astelehenetik hilaren 19ra bitartean, Nafarroako Rural Kutxaren erakusleihoan ikusgai egongo den produktu sortaren prezio zehatza asmatu ahal izango dute herriko saltokietan erosketak egiten dituzten herritarrek.

Bertan merkatari elkarteak herriko merkataritza sustatzeko kanpaina berri bat jarri du abian: Preziyo Juxtue. Telebistako El precio justo saio ospetsuan oinarritutako lehiaketak herriko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroak saritzea eta tokiko establezimenduen jarduera indartzea du helburu.

Kanpaina 2025eko urriaren 6tik 19ra bitartean egingo dute, eta parte-hartzaileek aukera izango dute Nafarroako Rural Kutxaren bulegoan (Foru Ibilbidea, 10) ikusgai egongo den erakusleiho bereziko prouduktu sortaren prezioa asmatzeko.

Nola parte hartu?

Lehiaketan parte hartzeko nahikoa izango da kanpainak iraungo duen bi asteetan zehar Bertan elkarteko dendetan erosketak egitea. Erosketaren zenbatekoaren arabera, bezeroek parte-hartzeko kodea duten txartelak jasoko dituzte:

  • 20 eurotik beherako erosketak: txartel bat.
  • 20 eurotik eta 60 eurora arteko erosketak: bi txartel.
  • 60 eurotik gorako erosketak: hiru txartel

Kode horrekin, Nire Azpeitiaren webgunean sartu, galdetegia bete eta erakusleihoaren prezio zehatza zein den esan beharko dute herritarrek.

Preziora gehien hurbiltzen den herritarra –gainditu gabe– izango da irabazlea, eta sari gisa erakusleihoan diren produktuak eskuratuko ditu. Berdinketa kasuan, irabazleen artean zozketa egingo dute, eta horiek txandaka aukeratuko dituzte produktuak.

Lehiaketaren oinarriak eta xehetasunak kontsultagai daude honako webgune honetan. Bertanek herritarrak gonbidatu ditu herriko saltokietan erosketak egitera, eta, bide batez, lehiaketan parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide