Herriko saltokien eta artisauen Gabonetako azoka egingo dute larunbatean plazan

Erabiltzailearen aurpegia Bertan merkatari elkartea 2025eko abenduaren 9a

Iazko Gabonetako azokaren irudia.

Tokiko merkataritza eta artisautza batzen dituen Gabonetako azokaren bigarren edizioa egingo dute larunbatean plazan.

Larunbatean, abenduak 13, Azpeitia Gabonetako giroan murgilduko da berriz ere, tokiko merkatariak eta artisauak batuko dituen Gabonetako azokaren bigarren edizioarekin. Ekitaldia Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak eta Artiekin artisauen elkarteak antolatu dute, eta aurten, plazan izango da, 10:00etatik 20:00etara.

Pasa den edizioarekin alderatuz, data aurreratu egin da, herritarrei Gabonetako erosketak bertan egiteko aukera eskaintzeko eta tokiko kontsumoa indartzeko helburuarekin. Guztira, hogei postu egongo dira, herriko merkataritza eta artisautza sarearen erakusleiho gisa.

"Gabonetako azokak aukera bikaina eskaintzen du bertako merkataritza eta sormena balioan jartzeko, herrian erosteko eta gertuko ekonomiari laguntzeko", adierazi dute antolatzaileek.

Honako saltokiek parte hartuko dute azokan:

Tokiko merkataritza:

  • Alar mertzeria
  • Ametsen txokoa
  • Diart
  • Egaña gozotegia
  • Farmazabal
  • Iru Burdindegia
  • Jostaldi kirolak
  • Kiribil ekodenda
  • Koket
  • Makibar fruta eta abar
  • Oihele

Artisauak:

  • Aldaxka
  • Amuki
  • Belargi
  • Espiral tailerra
  • Harrihari
  • Kike Kikorro
  • Kimura
  • Kohpao Studio
  • Miara

Gastronomia eta esperientziak

Aurtengo edizioak gastronomia eta hurbileko produktuen zaporea dastatzeko aukera ere emango du. Goizean, Egaña gozotegiak gozoak eta edari beroak eskainiko ditu, azoka inguruan giro epela sortuz. Eguerditik aurrera, Makibarrek aukera gastronomiko berezia jarriko du eskura: txorizo egosia, gazta, irasagarra, ardoa, sagardoa, txakolina eta bestelako produktuak.

Aldi berean, Izan Moxal marrazki txokoa ere egongo da, nahi duten haur eta gaztetxoek marrazki erakusketan eta horri lotutako zozketetan parte hartu ahal izateko.

Gabon giroa

Azokak Gabonetako giro berezia izango du, argiekin eta apaingarriekin dotoretuta egongo baita. Gainera, gabonetako musikak girotuko du plaza, bisitariei erosketak egiteko, produktuak dastatzeko eta artisautza ezagutzeko giro atsegin eta magikoa eskainiz.

Komunitatea indartzeko azoka

Gabonetako azoka ez da soilik merkatariek eta artisauek beren produktuak erakusteko gune bat; Azpeitiko egitura ekonomiko eta kulturala sendotzeko tresna ere bada. Helburua da herritarrak erosketak bertan egitera gonbidatzea, tokiko enpresak eta artisautza babestuz eta Gabon giroan komunitate esperientzia partekatua sortuz.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatzen dituzte plazara hurbildu eta Gabonetako azokaz gozatzera, tokikoa babesteko eta Gabonetako erosketak bertan egiteko aukera baliatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide