Martxan da dagoeneko Azpeitiko DBHko ikasleekin elkarlanean antolatzen dugun V. Erakusketa. Aurten, egitasmoaren bosgarren edizioa izanik, urrats berri bat eman nahi izan dugu: ohiko erakusleiho erakusketaren ordez, ikasleek istorioa duen kutxa bana sortu dute, sormena, emozioak eta mezua uztartuz.
Erakusketa maiatzaren 15ean jarri zen martxan, eta ekainaren 15era arte egongo da ikusgai herriko saltokietan. DBHko ikasleak 2-3 laguneko taldeetan aritu dira kutxak sortzen, eta horiek herriko 71 saltokitako erakusleihoetan eta erakusmahaietan ikus daitezke; Azpeitiko kaleak gazteen begiradaz eta istorioz bete dituzte.
Egitasmoaren helburua da herriko gazteak tokiko merkataritzak duen garrantziaz sensibilizatzea, bertako saltokiek herriaren bizitzan duten balioa ezagutaraztea. Proiektuak, gainera, hezkuntzaren ikuspegitik lanketa aberatsa egitea ere ahalbidetzen du. Ikasleek askotariko gaiak jorratzen dituzte prozesuan zehar; sormena, komunikazioa, diseinua, kontsumo arduratsua edo herriaren dinamika ekonomikoa, besteak beste. Aldi berean, bertako merkataritza barrutik ezagutzeko aukera paregabea izaten dute. Saltokiekin harreman zuzena sortuz, eguneroko lanaren errealitatea gertutik ezagutzen dute eta tokiko merkataritzak herriari egiten dion ekarpenari balioa eman.
Aurten, gainera, hainbat sari banatuko dira egindako lanak aitortzeko. Honako hauek izango dira kategoriak: saltokiaren irudi onena, zaltokiaren slogan onena, Bertanen irudi onena eta Bertanen slogan onena. Epaimahaia UEMAko, Dinamoa sormen guneko eta Gaztelekuko arduradunek osatuko dute, eta laster jakinaraziko dituzte irabazleen izen-abizenak. Kutxa irabazleei, gainera, dominatxo berezi bat jarriko diete, eta Bertanen eskutik, parte hartu duten ikasle guztiek mokadutxoaz gozatu ahal izango dute.
Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten ikasle, irakasle eta saltoki guztiei, elkarlanari esker Azpeitiko kaleak kulturaz, sormenez eta komunitate sentimenduz bete baitira beste behin ere. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu, halaber, herriko saltokietara gerturatzera eta lan horren atzean dagoen sorkuntza eta irudimena ezagutzera.