Idoia Hernandez Hatxek beste hainbat artistekin batera osatu duen Histeria proiektuaren sorkuntza prozesua du oinarri ikus-entzunezko honek. Lau une uztartzen dira bertan: Dinamoa sormen gunean irudia landu zutenekoa, Azpeitiko udal musika bandaren lokalean musika sortu zutenekoa, Sanagustin kulturgunean emaitza aurkeztu zutenekoa eta emaitza bera.
Idoia Hernandez Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen 1988an. Musikaria da. Gaztetxoa zela musika ikasi zuen, baina utzi egin zuen Mikelazulo kultur elkartean lanean hasi zen arte. Bertako piano zaharraren aurrean jarri eta bertan sortu zuen bere proiektu pertsonala den Hatxe. Bere bigarren diska Panpin hautsien dantza deitzen da eta bertan aurkitu daiteke Histeria abestia.