Kultura politiko desberdinetako herritarrak bilduta, instituzioetatik haragoko EH Bildu egituratu nahi dute Azpeitian, eta prozesu hori dinamizatzen ari da hamasei laguneko talde bat. Talde horretako kide dira Joanes Amenabar (Azpeitia, 1980), Maite Aramendi (Azpeitia, 1985), Egoitz Arruti (Azpeitia, 1980) eta Estitxu Elduaien (Azpeitia, 1977). "Gu ez gara EH Bilduko zuzendaritza, proiektu komun bati begira dagoen EH Bildu dinamizatu nahi dugu, baliabideak eskaini nahi ditugu herritarrek erabakiguneetan parte hartzeko eta koalizioari ekarpenak egiteko", azaldu dute. Beraz, herrirako egitura eta funtzionamendu berri bat proposatu nahi dute, eta hura martxan jarri. Ekainaren 9an ekitaldi bat egingo dute, Sanagustin kulturgunean, eta orain artean eginiko ibilbidea aurkeztuko dute.
EH Bilduk nazio mailan prozesu bat hasi du lau alderdiz osatutako koalizioa izatetik proiektu komun bat konpartitzen duen subjektu politikoa izatera pasatzeko. Azpeitian ere horretan ari zarete.
Maite Aramendi: Bai, eta nazio mailako prozesuaren helburuekin bat egiten dugu. Alderdiez harago, pertsonak jarri nahi ditugu proiektuaren erdigunean.
Joanes Amenabar: Hala da. Halere, ez da handik eratorritako zerbait. Guk ere sumatu genuen beharra Azpeitian, eta gu ari gara geure bidea egiten.
Filosofia aldaketa horrek lana egiteko modua moldatzea ekarriko du. Zer dago hobetzeko?
Estitxu Elduaien: Bildu zein EH Bildu koalizio bat baino gehiago izan dira sorreratik. Ilusioa sortu zuten, eta horrek bereizi du gure proiektu politikoa, nahiz eta, ondoren, zenbait gauzatan ez dugun asmatu proiektu honi beharrezko bitartekoak jartzen: egitura jakin bat, parte hartzeko bideak eta abar. Beraz, parte hartzeko guneak sortu eta indartu behar ditugula ikusten dugu. Badago zer hobetua; esaterako, herri mailan, onartzen dugu eremu instituzionalera soilik mugatu dela EH Bildu, eta horrek zenbait distantzia sortu dituela gure baitan.
Zer leku izango dute hemendik aurrera alderdiek EH Bilduren baitan?
J.A.: Alderdiek mantenduko dute beraien izaera eta egitura, oraingoz behintzat. Dena den, alderdietatik kanpo dauden pertsonei parte hartzeko markoak eskaintzea da gure helburua. Orain artean, alderdiek zuten gidaritza, eta hori aldatzea nahi dugu: alderdi batekoak, bestekoak edo independenteak izan, pertsonek izan behar dute EH Bilduren ahotsa.
M.A.: Alderdiek beraien eremuan lanean jarraitzeak EH Bildu aberastuko du. Bi plano bereiztu behar dira: batetik, koalizioan alderdiek duten rola; bestetik, gizartean edo bakoitzak bere eremuan egin beharreko lana. Koalizioak bere bidea egingo badu ere, euskal gizarteari begira lanean jarraituko dute. Batek ez du bestea kentzen.
Prozesu hau dela-eta, EAren baitan bi korronte, behintzat, badira. Militanteen zati batek bat egiten du lanketarekin, baina kritikoak ere badaude. Asteburuan da kongresua, nola eragingo du bertan hartzen den erabakiak?
E.E.: EAko oinarriek hartzen duten erabakia garrantzitsua izango da EH Bilduren bidearentzat, jakina. Ideala litzateke guztiok norabide berean joatea, eta horretan saiatuko gara. Dena den, guk Azpeitiari begira lana egiteko erabakia eta konpromisoa elkarrekin hartu ditugu, herritarrei iritzia emateko bideak jartzekoa, parte-hartzea bermatzekoa… horretan gabiltza buru-belarri, eta horretan jarraituko dugu.
Zer hutsune ikusten dituzue EH Bilduren baitan?
M.A.: Lan ona egin da orokorrean, baina uste dugu lan hori gure komunitatearekin konpartitzeko eta eztabaidatzeko guneak izango bagenitu, fruitu gehiago emango lituzkela. Hartu ditugun erabaki guztiak ez ziren izango onenak, baina uste dugu bide onean goazela.
Bestalde, zer ekarpen egin dio herriari EH Bilduk?
E.E.: Azken sei urtean asko aldatu da Azpeitia, eta EH Bilduk motore lana egin du horretan. Hori erakusteko badira adibide zehatzak. Esaterako, langabezia %17tik %10era jaitsi da, eta horretarako esfortzu handia egin da udaletik: sustapen plana jarri da abian, enpresak, kontratazio berriak, ekintzaileen ideiak… diruz laguntzeko; formazioari begira ere egon gara, titulazio propioak sortu ditugu eta UEU, IMH eta Deustuko Unibertsitatearekin antolatu ditugu ikastaroak, besteak beste. Turismoa eta industria sustatzeko ere ahalegina egin da, eta giza-baliabideak jarri dira.
Babes sozialari dagokionez, plan oso bat dugu herritarren beharrei erantzuteko, eta erabaki politiko irmoa izan da horretan inbertitzea: Gipuzkoako batez bestekotik behera zegoen Azpeitia gastu sozialari dagokionez; eta, gaur egun, arlo horri erantzuteko diru-laguntza propio gehien dituen udaletako bat da. Horren erakusle dira etxebizitza alokatzeko laguntzak, kontribuzioa ordaintzen laguntzeko bitartekoak, larrialdietarako laguntzak, arreta asistentziala indartzea, adinekoei begira egindako ikerketa eta zerbitzu-eskaintzak eta abar.
Azpiegituretan ere lan asko egin da: Soreasu guztion artean ari gara osatzen, eta azoka plaza ere lehen sektorea indartzeko baliabide bat izango da, herritarrekin pentsatua eta haientzat sortua. Sanagustin kulturgunea ere herriaren eskuetan utzi zen, eta 2016an 35.200 ikus-entzule inguru jaso ditu, 180 ekitalditan. Lana egiteko eredua aldatu da: baliabideak herritarren eskura jarri nahi izan ditugu, eta horretan jarraituko dugu sakontzen. Bide horretan, ondo baino hobeto dator prozesu hau, bermatuko dutelako herritarren parte-hartzea, eta horrekin gauzak hobeto egiteko aukera izango dugulako.
M.A.: Jakin badakigu oraindik lan asko dugula egiteko, baina norabidea da garrantzitsua. Den-dena ondo ez genuen egingo, jakina. Hondakinen kontua hor dago, eta egia da uste baino gehiago luzatu dela. Datozen hilabeteetan aldatuko da sistema, baina arlo horretan, agian, bazegoen modu eraginkorrago batean lan egitea. Etxebizitza politikan ere, adibidez, badaude urratsak egiteko, eta horretan ari gara. Diagnostiko bat egin da, eta lan-ildo garrantzitsu bat izango da hori ere.
EH Bilduren zutabe politikoak aldatuko dira hemendik aurrera?
J.A.: Ezetz esango nuke. EH Bilduren sorreratik izan dituzte lau alderdiek zutabe komunak. Justizia soziala, konponbide demokratikoa, prozesu subiranistarako bidea, parekidetasuna… horiek izango dira hemendik aurrera ere lan-ildoak. Horiek aldatzen hastea baino, helburutzat dugu gure proiektuarekin bat egiten duten herritarrak artikulatzea eta iritzi-guneak sortzea. Antolaketa moduak garatzean dago lehen gakoa, ondoren edukiak herritarrekin landu ahal izateko.
Nola ari zarete lanean?
M.A.: Eremu instituzionaletik kanpo lan egiteko behar bat ikusi dugu, eta EH Bilduren betaurrekoekin herriari begiratuko dion talde bat osatu dugu. Horretarako, talde anitza sortu nahi izan dugu: adina, generoa, lan-esparrua, interesak, gaitasunak… denetik dugu hamasei laguneko talde honetan, eta bakoitzak beretik eta bere ingurutik egiten du ekarpena. Pasa den urtean hasi ginen kontu honi bueltaka, eta urte hasieratik ari gara biltzen.
Egoitz Arruti: Oso leku desberdinetatik gatozen pertsonak gara, eta uste dut ondo planteatu dugula hau, han eta hemengo pertzepzioak jasotzen joateko eta lana egiteko beste oinarri batzuk jartzeko. Herrian aurretik lanean jardun duen jendea gara: kirola, kultura, kooperazio taldeak, erabakitzeko eskubidea, ingurumena, euskara… landu ditugu, eta horrek Azpeitiko dinamikaren ikuspegi zabala ematen digu.
Talde finko bat da edo aldaketak izan ditzake?
E.A.: Taldea irekia da. Gainera, guk bideratzaile lana egingo badugu ere, nahi duten guztiek izango dute aukera prozesuan parte hartzeko.
Taldetik kanpoko jendeak parte hartu du, beraz, prozesu honetan?
E.A.: Bai, ari gara inguruko jendearekin hitz egiten prozesuaren inguruan eta aurrera begira egin beharreko lanaren inguruan. Horretarako, galdetegiak betetzen ari gara herritarrekin, eta beraien pertzepzioak kontuan hartzen.
M.A.: Eredu horizontal eta parte-hartzaile bat eraiki nahi badugu, beharrezkoa da hastapenetik hori kontuan izatea. Indarra eta zilegitasuna horrek ematen digu. Konpromisoa eman eta eskatzen ari gara. Izan ere, gure herria denena da eta EH Bildu ere bai, eta horrek denon erantzukizuna behar du.
Esan duzue herritarrekin ari zaretela hizketan. Zer sumatzen duzue herrian proiektuarekiko?
E.A.: Herritarren artean sumatzen zen halako lanketa bat egiteko beharra, eta jendeak ondo hartu du prozesua. Sumatu dugu ilusioa.
J.A.: 2011n EH Bildun sortu zen ilusio efektu horren indarra itzaltzen joan da. Uste dugu hori pizteko une egokia dela, kontuan izanda zer testuingurutan gauden eta zer egoera dugun Euskal Herrian. Oro har, herritarrek ere uste dute zentzua duela norabide honetan lan egiteak.
Noiz konpartituko duzue prozesu hau plazan?
E.E.: Ekainaren 9an egingo dugu ekitaldia, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Maddalen Iriarte gurekin izango da, prozesua babesteko. Egiten ari garen guztia nahi dugu herritarrekin konpartitzea, eta uste dugu lanean jarraitu ahal izateko inflexio puntu bat izango dela.
J.A.: Gu lanean ari gara, baina benetako prozesua ekainaren 9tik aurrera hasiko da. Ez gara irtengo dagoeneko egindako lan bat aurkeztera, baizik eta guztiok batera egiteko zer bide dagoen erakustera. Horregatik da mugarria ekainaren 9a.
M.A.: Argi dugu EH Bildu determinantea izango dela datozen urteetan prozesu independentista bultzatzeko eta ezkerreko mugimendua artikulatzeko. Beharrezko tresna izango da, izango gara, eta hori herritarren parte-hartzearekin soilik egingo dugu ondo. Horregatik momentu inportante batean gaude.