Lehenik eta behin, EH bilduren izenean, gure babes eta elkartasun osoa eskaintzen diegu kartzelaratuak izan ziren Kataluniako Errepublikako gobernuko kideei eta euren sendiei: Oriol Junqueras, Carles Mundo, Santi Vila, Dolors Bassa, Meritxell Borras, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, estem amb vosaltres! Guztiak aske uzteko eskatzen dugu, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezekin batera, eta horrez gain, Carles Puigdemont presidentearen eta Antoni Comin, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilarien aurkako neurririk ez hartzeko exijitzen dugu.
Argi dago Espainiako Estatuak bloke erreakzionario bat martxan jarri duela, eta ez daukala inolako eskaintza politikorik egiteko asmorik, ez Kataluniari eta ezta Euskal Herriari ere. Estatu antidemokratiko baten aurrean gaude, konponbideari uko egin eta argudio gisa indarra soilik erabiltzen duen estatu baten aurrean, eta hori guztiz salatzen eta gaitzesten dugu. Kontu hau ez da Kataluniari bakarrik dagokion afera bat, hau inboluzio demokratiko bat da, turkiar erara antolatu nahi den demokrazia bat da, eta Katalunia kolpatzeak Euskal Herria kolpatzea ere esan nahi du, gurera ere iritsiko baitira ondorioak.
Baina Kataluniak, Euskal Herriak edota hala nahi lukeen ezein herrik, bere etorkizuna libreki eta herritarren borondate soilaren arabera erabakitzeko eskubidea dute. Eta hori horrela izanda, independentzia aldarrikatzeko Kataluniako Parlamentuaren erabakiak zilegitasun demokratiko osoa du, bertako herritarrek hala erabaki zutelako urriaren 1eko erreferendumean. EH Bilduk Kataluniako Errepublika onartzen du, bertako herritarrekin dago, eta gertatzen dena gertatzen dela ere, hala egongo da.
Horregatik, ozen eta garbi esan behar dugu: Espainiako Estatuaren errepresioaren aurrean, guk argi daukagu: 155ri ez. Demokrazia-Erabakitze eskubidea. Eta hori aldarrikatzera aterako gara gaur 19:00etan, herriko plazara, Azpeitiko Udalak egindako deiari erantzunez. Eta horregatik, lelo horren pean, Bilbon izango gara bihar, Kataluniaren aurkako erasoari ahalik eta erantzun handi eta zabalena emateko. Gure etorkizuna ere jokoan dagoelako, bi hitzordu horietan elkartuko gara.