Mila esker, igandean EH Bilduri botoa eman zenioten 3.150 azpeitiarrei nahiz Autonomia Erkidegoaren luze-zabalean EH Bilduren proiektua babestu zuten 248.688 lagunei. Ipar Euskal Herrian duela bi aste lortutako udal hauteskundeetako emaitza historikoen bidetik, emaitza bikainak lortu ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gasteizko Parlamentua osatzeko hauteskundeetan, EH Bilduk gora egin du boto kopuruari, ehunekoei eta eserlekuen kopuruari dagokienez. Gora egin duen hautagaitza bakarra izan da, gainera.
Dena den, nabarmentzekoa iruditzen zaigu parte-hartzeak izan zuen beherakada. Uste dugu errespetuz jaso behar ditugula datuak, eta politika egiten dugun guztiok egin behar dugula abstentzioaren inguruko hausnarketa bat. Parte-hartzean oinarritutako herri batekin amesten dugunontzat bederen, ez ziren izan esperotako datuak. Guztion erantzukizuna da gai hori ere mahai gainera ateratzea eta gaiari eskatzen duen tokia ematea.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu garai zail hauetan gugan konfiantza izateagatik. Lanerako indarrez gaude. Pandemia honek garbi erakutsi digu zer diren garrantzizko gauzak gure gizartean eta bizimoduan, eta horiek indartzeko lanean jarraituko dugu: ongizatea, zaintza, gizarte beharrak... Horrez gain, erakutsiko dugu posible dela politika egiteko beste modu bat, ezkerretik eraikitakoa eta gure herria eta herritarrak erdigunean jartzen dituena. Gatazkaren ondorioen konponbidea lortzeko bidean jarraituko dugu buru-belarri, behingoz, euskal presoak eta iheslariak beren etxeetara ekarri arte. Eta nola ez, estatus politiko berriaren eztabaida horretan, erabakitzeko eskubidea txertatzeko eginahal guztiak egingo ditugu. Euskaratik eta euskaraz. Ingurumena errespetatuz. Feminismoa modu transbertsalean aplikatuz. Ezkerreko eredu subiranista honetatik lan egingo dugu Euskal Herriaren alde.
Azpeitiari dagokionez ere, indar bozkatuena izan gara, beste behin. Banaka-banaka eskertzen dugu hauteslekura hurbildu zen herritar bakoitzaren botoa. Eta eskertza hori gure eguneroko lanarekin egikarituko dugu.