Azpeitiko EH Bilduk autobusa antolatu du datorren larunbatean, hilak 20, Bilbon egingo den manifestaziora joateko. Izena emateko, Orkatzera joan edo deitu (943-15 00 06) behar da. Autobusa 16:00etan irtengo da anbulatoriotik. Aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte! lelopean egingo da manifestazioa, eta EH Bilduko oinarriei dei egiten zaie Bilbora joateko eta herri honekiko duten konpromisoa adierazteko.
Euskal Herri independente batekiko konpromisoz
Aspaldiko partez, berriro elkartuko gara herri hau beste modu batera eraiki nahi dugunak, berdintasun balioetan oinarritutako Euskal Herria nahi dugunak: Euskal Herri librea, justua, euskalduna, feminista, ekologista eta antifaxista. Euskal Herri baketsua. Independentismoa oraindik ere puri-purian dagoen gaia da, eta EH Bilduko kideok bide hori jarraitzeko konpromisoa hartua dugu. Asko gara, eta larunbatean horrela erakutsi behar dugu.
Gainera, ez da kasualitatea gure hitzordua azaroaren 20an izatea. Azaroak 20: Franco diktadorearen heriotzaren zein Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrena. Franco hil zen, baina ez frankismoa, eta guztia lotuta utzi zuen trantsizio baten emaitza da egungo egoera. Larunbatean elkartuko gara herri hau eta bertako herritarrak maite ditugulako, konpromisoak elkartzen gaituelako.