Aberri eguneko manifestazio nazionala egingo dute igandean, Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2022ko api. 12a, 11:26

500 urte beteko dira aurten Amaiurko gudatik; eta 90 urte, berriz, lehen aberri eguna ospatu zenetik. Hori dela eta, igandeko manifestazioan, historian zehar izan diren borroka guztien funtsezko gakoak berriz ere aldarrikatu nahi ditugu: subiranotasuna, askatasuna eta berdintasuna.

Aberri Eguneko manifestazioa egingo dute igandean, apirilaren 17an, Iruñean. Hitzordua 12:00etan izango da, Golem zinema paretik abiatuta. EH Bilduk manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi die herritarrei. Aurtengoan, gainera, manifestazio indartsu bat egitea da helburua. Izan ere, 500 urte beteko dira Amaiurko gudatik; eta 90 urte, berriz, lehen Aberri Eguna ospatu zenetik.

Urtemuga horiei batzen zaie bizitzen ari garen testuinguru politikoa: Espainiako Estatuaren krisia eta hura salbatzeko neurri autoritarioak, neofaxistak eta erregimen zaharrei lotuak. Hori horrela, herri honen askatasuna aldarrikatzeko une egokia dela uste du EH Bilduk. Aldarri horretan, historian zehar funtsezkoak izan diren gakoak defendatuko ditugu: subiranotasuna, askatasuna eta berdintasuna.

Hain zuzen, gure hiriburu historikoan defendatuko dugu herri honek erabakitzeko eskubidea duela; gure eredu politiko-sozial, ekonomiko eta kulturala behar dugula eta desberdintasun sozial guztiak gainditzea beharrezkoa dela. Iragana ahaztu gabe, etorkizuna aldarrikatzeko eta eraikitzeko unea iritsi da. Amaiurren egin genuena egiten jarraitu nahi dugu: herria defendatuz, jendea defendatuz, herriaren askatasuna defendatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide