Azpeitik autobusa egongo da datorren larunbatean, hilak 23, EH Bilduk deitutako Nazioa gara manifestaziora joateako. Esteka honetan eman daiteke izena. Autobusa 15:30ean abiatuko da Bilbora, anbulatoriotik. Behin manifestazioa bukatuta izango da itzulera.
Bilbokoa ez da manifestazio soil bat izango, harrotasun erakustaldi bat izango da; gure lurrarekiko, gure jendearekiko eta euskaldun izateak irudikatzen duen guztiarekiko maitasun erakustaldi bat. Elkar ditzagun gure ahotsak. Exijitu dezagun dagokigun aitortza: nazio burujabea behar dugu izan. Gure esku dago gure nazioa errespetaraztea. Gure hizkuntzaren, kulturaren, eta herri gisa izateko dugun eskubidearen aurkako erasoaldiak areagotzeari diren honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da gure ahotsak eta presentzia batzea.
Euskal Herria nazio bat da, eta, hala den heinean, errespetua exijitzen du. Gure nazioa, gure historia eta gure kultura, hala nola euskara, gure hizkuntza, espainiar nazionalismoaren erasoen jomugan dira azken garaiotan. Indar atzerakoi eta autoritarioek gure askatasunen inguruan duten ikuspegia inposatu nahian dabiltzan garaiotan, burujabetza da gure errezeta. Burujabetza da gure eskubideak, kultura eta bizitzeko modua babesteko gakoa. Horrek baino ez du bermatzen Euskal Herri gisa partekatzen ditugun balioak gailentzea haien inposaketen gainetik.
Azaroaren 23an zatoz Bilbora! Bat egin ezazu Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela dakiten milaka euskal herritarrekin. Garena ulertzen eta errespetatzen ez dutenen erasoen aurrean, erakutsi diezaiegun subiranotasuna ez dela asmo hutsa, gure nortasuna eta askatasunak babesteko beharra eta bidea dela.
Euskal Herriagatik, gure hizkuntzagatik, gure kulturagatik, ez hutsik egin!