Berretsi nahi dugu pasa den uztailaren 19an ertzainek Azpeitian eginiko esku hartzea neurrigabea izan zela, EH Bilduk argitaratutako polizia ereduaren inguruko irakurketak eta Nagore Alkorta alkateak adierazi bezala. Gure ustez, Azpeitiko eta Gasteizko gertakarien kasuan, gehiegikeriaz jardun dute ertzainek, eta beren lana gidatu beharko luketen ezaugarrietatik aldendu dira: proportzionaltasuna, kontentzioa eta kalte handiagoen prebentzioa.
Hain zuzen, Azpeitiko gertakarietara etorrita, uste dugu boligrafoz eginiko pintaketa batengatik egin zuten esku hartzeak ez diela erantzuten proportzionaltasunez, kontentzioz eta prebentzioz jarduteko printzipio horiei. Pintaketa horren aurrean hartutako jarrerak ekarri zituen gertatu behar ez luketen beste hainbat ekintza, eta istilu larriak sortu ziren azkenean. Alegia, gure ustez, istiluen abiarazlea Ertzaintzak pintaketen aurrean hartutako neurriz kanpoko jarrera izan zen, eta ondoren gertatutakoek tentsioa eta gatazka areagotu zituzten.
Horrez gain, salatu nahi dugu Ertzaintzaren jokabidea kritikatze soilagatik EH Bilduk nahiz Nagore Alkorta alkateak jasan duten presio mediatikoa. Uste dugu gai honen inguruan eztabaida eraikitzaile bat izateko baldintzak jarri behar ditugula, ika-mika eta joko politikoetan sartu gabe. Hori esanda, Nagore Alkorta alkateari nahiz EH Bilduren udal taldeko kide guztiei gure babesa adierazi nahi diegu.
Horrenbestez, EH Bilduk polizia ereduaren hausnarketa eta erreforma sakona eskatzen ditu. Euskal gizarteak eskubideak errespetatuko dituen, erantzukizunez jokatuko duen eta arazoak eta gatazkak larritu gabe konponduko dituen polizia bat merezi du: polizia zibil, demokratiko eta euskalduna, euskal herritarren zerbitzura. EH Bilduk norabide horretan aurrera egiteko konpromiso eta determinazio irmoa adierazi du.
Bestalde, San Inazio jaien atarian, dei egiten diegu eragile politiko eta sozial guztiei eta gizarte osoari, jai herrikoi, euskaldun eta parte hartzaileetan aktiboki parte har dezaten, eta errespetu eta askatasun giroan aritu daitezen.