Herritar guztiei etxebizitza eskubidea bermatzeko lanean jarraituko du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EH Bildu

Elizkaleko 18, 20, 22 eta 24 zenbakiak. (Nerea Uranga)

Azaroaren 11ko mobilizazioen ostean, garbi dago etxebizitza dela euskal herritarren eta azpeitiarren kezka nagusienetakoa. Hori horrela, erakundeei dagokie etxebizitza politikak indartzea, sakoneko aldaketak egitea eta elkarlanean jardutea. Azpeitiko Udalak abian du Etxebizitza Plana, eta oraindik egiteko asko badago ere, azken urteetan pauso handiak eman dira herritarren oinarrizko eskubide hori bermatzeko. Etxebizitza hutsen auziari heltzea, etxegabetzeak saihestea, indarkeria matxistaren biktimei ostatu ematea, etxebizitza tutelatuak egitea, alokairurako diru laguntzak eskaintzea edo udal sustapeneko nahiz alokairu sozialeko etxebizitzak herritarren esku jartzea dira horietako batzuk.

Pasa den asteko greba orokorrak berriro ere argi utzi du etxebizitza dela euskal gizartearen kezka nagusietako bat, baita azpeitiarrona ere. Azken hamarkadetan, etxebizitzen prezioek eta alokairuek nabarmen gora egin dute, soldatak baino azkarrago. Sortu den arrakala horren ondorioz, etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun gehiago daude. Egoera horrek erantzun sendoak eta neurri ausartak eskatzen ditu.

Azpeitiko EH Bilduk argi du etxebizitza eskuratzea herritarren oinarrizko eskubidea dela, eta norabide horretan lanean jarraitzeko konpromiso osoa du. Horretarako, anbizio handiko Etxebizitza Plana dugu herrian, eta azken urteotan hainbat urrats egin ditu udal gobernuak ere, besteak beste honako hauek:

  • Etxebizitza hutsen auziari heltzea, jabeak etxe huts horiek erabilgarri jartzera bultzatzeko. 2025eko urtarrilean, Azpeitia aitzindaria izan zen etxe hutsak merkaturatzeko programa eta hari zegokion kanona abian jartzen. Programa horri esker, urtebetean 61 etxe alokairura edo salmentara ateratzea edo erabiltzen hastea lortu da. Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko baliagarria dela guztiz sinetsita, Azpeitiko EH Bilduk argi du programa horrekin aurrera jarraitu behar duela udal gobernuak.
  • Etxegabetze arriskuen aurrean, esku hartu eta kaltetutako herritarrei laguntza eskaini zaie. 27 etxegabetze saihestu dira 2024tik, prebentiboki etxebizitza nahiz dirulaguntzak eskainita. Beste hamabi familia aldundiko egoitza zentroetara bideratu dira.
  • Indarkeria matxistaren biktimentzat etxebizitzak. 2012tik gaur arte, 34 biktimari eta haien familiei ostatu eman zaie udal jabetzako etxebizitzetan.
  • Herrian alokairu sozialeko etxebizitza gehiago izateko aukerak lantzen eta sustapen berriak bultzatzen ari da udal gobernua. 20.000 biztanlez azpiko herrien artean, zuzkidura etxeak (alegia, titulartasun publikoko aldi baterako bizitoki babestuak), edukitzen lehen udalerria izan da Azpeitia. Esklabetako eraikinean, gazteei bideratutako 48 etxe egin dira. Elizkalean, prest da orube bat Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialeko hamasei etxe egin ditzan.
  • Udal sustapeneko etxebizitzak bultzatzea. Azken urteotan, besteak beste, Iñaki Azpiazu kaleko, Done Jakue kaleko eta Bustintzuriko Errebaleko promozioak egin dira. Orain, Santutxoko eta Erdikaleko promozioen zozketa ere egitear dago. Etxebizitza horien prezioa eraikuntzak duen kostuaren arabera kalkulatu da, eta udalak ez du inolako irabazirik lortuko salmentekin, etxeak ahalik eta merkeen jartzeko herritarren eskura. Adinekoen egoitza berria egiten denerako ere, San Martin Estratan udal sustapeneko 80 etxe egiteko proiektua du udal gobernuak. Proiektu horrek dagoeneko martxan behar zuen, baina aldundia egoitza berriko proiektuan izaten ari den atzerapenagatik, udal sustapeneko etxe horien eraikuntza lanak ere atzeratu egin dira.
  • Etxebizitza tutelatuen proiektuak garatzea. Adinekoei eta mendekotasun egoeran daudenei etxebizitza alternatibak eskaini behar zaizkie, eta bide horretan, hamabi etxe tutelatu egin dira Elizkalean. Etxe horiek balorazio oso ona dutenez, datozen urteotan antzeko etxe gehiago egitea aztertzen ari da udal gobernua.
  • Alokairua ordaintzeko laguntzak eskaintzea, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten herritarrei babesa emateko. Azpeitiko Udalak 2013. urtean ekin zion alokairua ordaintzeko diru laguntzak emateari, garai hartan udalerri mailan oso berritzailea zen politika soziala abiatuz. Jaurlaritzaren alokairu laguntzen osagarri, lerro propio bat mantentzen da oraindik ere Azpeitian, laguntza horiek jende gehiagorengana iristeko laguntzak.

Hala ere, badakigu egindako lana ez dela nahikoa eta etxebizitzaren arazoak neurri osagarriak eta egiturazko aldaketak behar dituela. Esaterako, alokairurako laguntzek, alokairuen prezioei mugarik jartzen ez bazaie, eraginkortasun mugatua izan dezakete. Horregatik, ezinbestekoa da laguntza politikak prezioak arautzeko neurriekin batera garatzea. Ildo horretan kokatzen da EH Bilduk Hego Euskal Herri osoa bizitegi merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko egindako eskaera.

Norabide berean, EH Bilduk etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak babestu ditu pasa den ostegunean Espainiako Kongresuan egindako bozketetan ere. Etxegabetzeen aurkako neurriak jasotzen dituen eta alokairuen prezioei mugak jartzen dizkien dekretuaren alde bozkatu du, baita alokairu kontratuak automatikoki luzatzeko dekretuaren alde ere. Aipatzekoa da azken neurri horren kontra bozkatu dutela EAJk, PPk, Voxek, Juntsek eta UPNk. Horrenbestez, errentariak babesteko bigarren neurri horrek ez du aurrera egin.

Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, ezinbestekoa da erakunde guztien arteko elkarlana eta bakoitzak dituen eskumenak baliatzea. Udalek ezin dute arazoaren konponbide osoa beren gain hartu. Foru aldundiak eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak funtsezko eskumenak eta baliabideak dituzte, eta haien politikek norabide aldaketa sakona behar dute. Etxebizitza politikek ausartagoak izan behar dute, etxebizitza merkatuaren logikaren menpe soilik utzi gabe, herritarren beharrak lehenetsiz.

Erakundeetatik hartzen diren erabakiez gain, ezinbestekoak dira herritarren parte hartzea, gizarte eragileen ekarpena eta herri mobilizazioak. Etxebizitzaren arazoak dimentsio sozial eta politiko argia du, eta erantzun kolektiboa behar du.

Pasa den asteko mobilizazioek erakutsi dute gaiarekiko dagoen kezka eta herritarrek egoera aldatzeko duten nahia. Azpeitiko EH Bilduk kezka hori partekatzen du, eta gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu, orain arte egindako urratsei neurri berriak gehituz, eta ausart jokatuz, etxebizitza eskuratzea azpeitiar guztientzat benetako aukera izan dadin

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide