Urte bat igaro da. Eta, egia esan, badugu zer kontatua. Ezagutu dugu osasun publikoaren egoera penagarria eta baita egoerari aurre egiteko botere politikoaren ezintasuna ere, osasuna merkantzia gisa erabiltzearen ondorio. Ezagutu ditugu lan forma ezberdinak: Internet bidezko erosketen gorakada, telelanaren bitartez lanaldien mugen lausotzea… Eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak, lan baldintza penagarriak eta langabezia. Baita poliziaren jazarpenak, kale militarizatuak eta isunak ere. Eta ezagutu dugu oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzea normalizatu duen gizarte bat, osasunaren izenean ematen diren neurri murriztaileak zalantzan nekez jarri dituena.
Koronabirusaren pandemia hasi zenean, oraindik presente zegoen 2008an lehertu zen krisia. Zorpetze geroz eta handiagoaren ondotik, inoiz helduko ez zen ekonomiaren hazkundearen promesa zetorren garaia zen hura. Eta orain, egiturazko krisi baten erdian, honi buelta eman nahian lanaren berregituraketa bizi dugu: kapital finantzarioaren indartze bitartez, Europako Funtsen zuzeneko edo zeharkako laguntzen bitartez, goi teknologiaren garapenaren bidez… Eta oraindik ere, langabezia ikaragarriaren eta eroste ahalmen geroz eta txikiagoaren aurrean, ekonomiaren hazkundearen promesarekin jarraitzen dute.
COVID-19ak eragin lazgarria izan du pertsonen bizitzetan eta jarduera ekonomikoan, baina hori garapen kapitalistaren ondorio gisa ulertu behar dugu. Azken urtean ezarri diren neurriek eta debekuek ez zuten osasun egoera egonkortzeko helburua, bestela ezin uler genezake gaur egungo egoera kritikoa. Malabareak egiten dabiltza pandemiaren aurkako asistentzia sanitariorako gastuen eta jarduera ekonomikoan duen eragin paralizatzailearen artean. Horrela, krisi ekonomiko baten erdian berregituraketa modu egokian eman ahal izateko neurri gisa ulertu behar ditugu. Burgesiak koronabirusaren gaixotasuna instrumentalizatu du gizartearen kontrol soziala ezarri eta lan produktiboaren berregituraketa zilegiztatzeko. Alabaina, ahaleginak ahalegin, Europaren gainbehera ezin estaliz dabiltza.
Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.