Gazte Topagune Sozialista

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko urr. 22a, 12:06

Eider Agirrek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zalantza gutxi izan dut hilabete honetako iritzi artikuluaren gaia hautatzean. Izan ere, joan den astean antolatu zen Gazte Topagune Sozialistaren eta bertan bizitakoaren eta ikasitakoaren ajea gainetik ezin kenduta gabiltz asko eta asko. Ez da lan erraza formakuntza politikoa oinarri duen topagune batean 1.500 gaztetik gora elkartzea. Eta azken urte eta erdian egin den ekitaldi jendetsuenetarikoa izango zen arren, ez zenuten aldizkarietan honen inguruko ia albisterik ikusiko.

Joan den astean amaitu zen Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek antolatu zuten Gazte Topagune Sozialista. Altsasun, bost egunez, 1.500 gaztetik gora elkartu ginen. Bertan, formakuntza politikoak eta aisialdi eskaintza zabalak hartu zuten protagonismoa. Alde batetik, Mugimendu Sozialistaren tesi estrategikoak mahai gaineratzeko eta horietan sakontzeko tartea izan genuen, eztabaida politikoa sustatuz. Eta, bestetik, azken urte eta erdian gazte langileoi ukatu zaigun aisialdirako tartea ere izan genuen, ekintza ezberdin ugarirekin.

Duela bi urte, Azpeitian izan genuen Topagune Sozialistaren lehen edizioa. Orduan, 500 gazte elkartu ginen, eta azpiegituraren egokitzapenak hartu zuen protagonismoa. Horrela, Esklabetan (aste honetan jada 3 urte egin dituen zentro sozialistan) eta beste espazio batzuetan lanegunak izan eta denetariko lanak egin genituen: iturgintzako lanak, elektrizitate lanak, sukaldaritza, komunikazio formakuntzak, garbiketa lanak… Duela bi urte, Mugimendu Sozialista jaio berritan, azpiegitura beharrak asetzea zen lehentasuna. Oraingoan, pandemia baten ondoren, gazte langileoi ukatu zaigun aisialdiak izan du garrantzia, baita azken urte eta erdian eskualdeetan eta herrietan lan politikoa egiten aritu diren gazte horiek guztiak elkartzeak ere, komunitatea eratzeak; hori guztia, betiere, formakuntza politikoaz lagunduta. Atzera begiratuz, azken bi urteetan lortu den aurrerapena begi bistakoa zaigu.

1.500 gazte formakuntza politikoa oinarri duen topagune batean egotea ez da gauza erraza, eta lan asko eta ona egin izanaren ondorio dugu. Hala ere, euskal hedabideen isiltasuna azpimarragarria zaigu. Gazte talde batek kale zurrutean istiluak sortzea albiste garrantzitsuagoa dela ematen du 1.500 gazte konprometitu estrategia komunistaz hitz egiten aritzea baino. Euskal hedabideen isiltasunak sozialdemokraziaren hatzaparretatik kanpo indartsu dagoen gazte antolakuntza ezkutatu nahi du. Baina geroz eta zailagoa egiten da mugimendu hori ikusezin bihurtzea. Horren aurrean, txalotzekoa da lan militantez martxan dagoen Gedar langile kazetak egiten duen lan nekaezina.

Bestalde, isiltasunarekin batera, errepresioa ere ikusi dugu. Topagune Sozialistaren indar erakustaldiaren ondoren, antolakuntza komunista seinalatzea izan dute helburu zenbait komunikabidek. Hor dugu, adibidez, El Mundo egunkariak Mugimendu Sozialistako kideen erretratuekin ateratako artikulua. Hori antolakuntza komunista seinalatzeko maniobra politiko-poliziala dugu, proletariotzaren antolakuntza independenteari egindako mehatxua. Ekintza guztiz salagarri eta nazkagarri horren aurrean, elkartasuna adierazi nahi diet seinalatuak izan diren militante sozialistei.

Aurtengo topagunea ere antolakuntza eraginkorraren eta militantzia konprometitu eta diziplinatuaren ondorio dugu. Beraz, eskerrik asko Gazte Topagunea posible egin duzuen guztioi, eta, bereziki, eskerrik asko azken urteetan eskualdez eskualde eta herriz herri lanean ibili zareten militante sozialista guztioi. Zuekin bidea badelako, segi dezagun antolakuntza komunistaren sokari tiraka!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide