Saihetsezina zait gaurkoan Palestinari buruz hitz egitea. Hildakoen, zaurituen, desagertuen, kopuruak begia ixtera eramaten nau beti, nire begietatik errealitate hori uxatzera. Hain da latza sarraskia, hain bihozgabea. Komunikabideetatik jaso dugun egoera horrek guztiok hunkitzen gaitu, nahiz eta egunerokoan ez dugun ezer egiten horren aurka, askotan, gugandik, norbanakoon borondate pertsonaletik, haratago doazen gertakariak direlako; horregatik penatzen gara.
Eta ez da gutxiagorako, argirik eta urik gabe dago Gaza azken egunotan, milaka hildako bizkarrean, eta etorkizun beltza dute aurretik bizirauten ari direnek ere. Ez naiz ni geopolitikan aditua, eta ez dizuet beste munduko irakaspenik emango, baina mundu mailan hainbeste gatazka eta gerra egoteak zerbait adierazi nahi digula, behintzat, esango nuke. Izan ere, ukaezina da kapitalismoak krisi ekonomikoa bizi duela: inflazioa, soldaten beherakadak edota geldialdiak… finean, bizitzaren garestitzea. Baina bizi dugun gerra testuinguru hau ere horren guztiaren ondorio garbia da.
Mundu mailako potentzia ekonomiko handiek dauzkate eskuak sartuta ‘hirugarren mailako’ deitu izan diren herrialde hauetan, izan beren negozioengatik edota potentzia ezberdinekin lehian daudelako. Eta esan beharrik ez dago, sobran dagoen munduko biztanleriaren zati bat deuseztatzeko balio dietela, gainera. Krudela dirudi, eta horrela da. Eta hori guztia egungo ekoizpen ziklo kapitalistak eraginda, krisiak hala eskatzen duelako, ziklo berriak berrabiarazteko eta kapitalismoaren gurpila gera ez dadin.
Garbi dago gerra horien arduradunek ez daukatela bihotzik. Zelenski bera ere kexati agertu zen komunikabideen aurrean, ‘bere gerrak’ besteenaren aurrean protagonismoa galduko zuen beldurrez; pentsa, zein burutan sar daiteke halakorik! Zer esanik ez, Biden, Netanyahu edota gainontzeko hiltzaile masibo guztiez, beraiek dira egoera honetan interesik handiena dutenak.
Egoera honek, aipatutakoez gain, gugandik gertu ere baditu erantzuleak. Adibide garbiena Espainiako Gobernua bera da, hainbat eta hainbat gerra makinaria bidaltzen ari dena hara eta hona azken hilabeteetan. Bera eta beren gobernua babesten dutenak dira, besteren artean, egoera honen erantzule, eta aho bizarrik gabe esan behar da hori.
Hitz egin genezake hango arduradunez, egiten denaz edo egiten ez denaz, ‘kapitalismo hobe’ baten alde dabiltzanez, estatu kriminalekin jarduteko bidea ‘elkarrizketa’ dela esaten dutenez… Hitz egin genezake munduaz, zein gaiztoa den errugabeekin, eta hori salatzera ere irits gaitezke. Baina auzia, sustraietara jo gabe, kausak eta arduradunak seinalatu gabe, epaitzen jarraitzen badugu, nekez aurkituko diogu konponbiderik egunetik egunera geroz eta krudelagoa den munduari.