Aburto eta espaloiak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2024ko urt. 25a, 14:35

Eider Agirrek Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aste honetan entzun diogu Jose Mari Aburtori, EAJko Bilboko alkateari, bere hirian manifestazio gehiegi egiten direla eta, mobilizaziook espaloitik egitearen proposamena; izan ere, "hiriaren bizi kalitatea okertzen" omen dute. Egon daitezkeen injustizia laboral edo sozialentzat erremedio perfektua bilatu du gizon honek.

Pasa zen azaroaren 30ean ere "greba ez egiteko eskubide (edo lanerako eskubide) indibidualaz" mintzo ziren, berriz, demokraziaren bozeramaile asko eta asko, herrietan, auzoetan, piketeen aurka agertuz aldarrikapenentzako modu "zibilizatuagoak" eskatuz.

Egia esanda, kezkaz bizi ditut horrelako gaiak. Injustizia bizi dugunon alde lanean gabiltzanok behar-beharrezkoa dugu kalea eta aldarrikapena, hori baita geratzen zaigun tresna bakarra askotan, beste batzuek komunikabideak dauzkaten bitartean. Eta herritarren zentzu komunak erraz irensten du dekadentzian den kultura politiko hori, 'askatasun indibidualarena, norbere eskubideena. Izan ere, askatasuna elkartasunezko printzipio unibertsal gisa ulertzetik urrun, gaur, norbanako kapitalistari askatasun hitzarekin Indonesiara oporretara joatea edo Instagramen nolanahiko argazkiak igotzea etortzen zaio burura. Horrela, greba orokor batean ere diskurtso liberalek hartzen dute indarra, eta kolektiboak diren eskubideek eta borrokek galdu.

Gertuagoko gertakariei begiratzen badiegu, ikusten da zalaparta itzela sortu dutela azken egunotan Zestoako Gaztetxearen prozesu judizialaren aurkako testuinguruan prozesua geldiarazteko egiten ari diren elkartasun ekintzek. Nola ez, orain arte zenbait kontu isilean pasatu badira ere, faltsukeriaz mozorrotutako bakea eta elkarbizitza ukitzen direnean, hor baitatozkigu azkar batean demokratak askatasunaren aurkako erasorik ez! pankartapean. Zenbait kamaleoik ere, edozein koloreren alde jartzen dakitenek, azken ekintzak gaitzetsi eta gaztetxearen aldeko ideia abstraktuak botatzen dituzte airera, asmoekin eta planteamendu estrategikoekin ezkutatuz aspalditik eman behar zituzten pauso errealak. Orain, berriz, 'blokeo egoeraren' atzean ezkutatzen dira, blokeo horren erantzule nagusien artean beraiek daudenean.

Askotan, auziaren muinera jo beharrean, ondorioei begiratzen diegu, horiek ateratzen dira-eta ur azalera. Baina ur azpian den hori da argitu beharrekoa. Gaztetxeak hasieratik erakutsi du zein den bere asmoa eraikinarekin, eta hori lortzeko daukan prestutasuna agerian geratu da. Eraikinaren jabetza eskuratu duenetik negoziaziorako borondatea eta herrian egiteko daukan ekarpena nabarmentzekoak izan dira. Eta bidean topatu dituzten oztopo zein kritika antzuei seriotasunez eta zintzotasunez erantzuten aritu dira.

Orain, pasa den astean Elizaren izaera espekulatzailea salatzeko egin zen ekintzak harrotu ditu hautsak, eta bazter guztietan erakutsi nahian dabiltza gazteen biolentzia eta "askatasunaren aurka" egindako erasoa. Aldiz, jabetza pribatuaren eta espekulazioaren aipamenik edo auziperatuko dituztenen aldeko elkartasun keinurik ez.

Horixe da Aburtok nahiko lukeena; Zestoan gertatzen ari dena, hain zuzen: espaloitik irteten dena, bere joko arauak errespetatzen ez dituena, kriminalizatzea eta jokoz kanpo uztea, deskalifikatzea. Guk ez ditugu hipokresiaren eta ustezko demokrazia faltsuaren joko arau horiek onartuko.

Besarkada bat bi auziperatuei eta Zestoako Gaztetxeari.

Aurrera!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide