Puntuka

Eraso matxistak, herriaren isla

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2024ko ots. 22a, 09:49

Inauterietan Azpeitian izandako eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea. (Eider Agirre)

Eider Agirrek Urola Kostako Hitzako Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau.

Asaldatu egin gintuen pasa diren inauterietan jazotako indarkeria kasuak. Nola zen posible? Elegante Egunez gertatu zen eraso matxistak herri osoa bildu zuen astelehenez plazan, elkartasuna adierazteko erasotuei eta indarkeriarik gabeko herria garela azpimarratzeko. Erasoaren halako larritasunak, egoeraren latzak, udala asteleheneko egitaraua bertan behera uztera bultzatu zuen, eta herriak hori txalotu.

Gazteok kontsumitzen dugun kultura globalizatuan nolanahiko influencer-ak, youtuberrak... daude, eta industria horren bozeramaileek airera botatzen dituztenak dira gazteen artean zabaltzen direnak, etxekoak edo eskolakoak daukan gaitasunaren gainetik. Aipatutako kultura horretan, ordea, etxeko sofatik besteoi irakaspen moralak ematen dabiltzan horiek dira, gaur egun, gazteenen eredu, eta askotan ideologo. Eta pentsamolde aurrerakoiak badaude ere, horien artean badira indarkeria matxistarik existitzen ez dela diotenak ere, edota arrazakeriaz betetako beste hainbat mezu darabiltzatenak.

Maiz ideologia erreakzionarioz betetako mezu horiek bustitzen gaituzte, gizonen eta emakumeen artean ezberdintasun sozialik ez dagoela diotenek, etorkinek lana kentzen digutela diotenek edota pobre izatea norberaren hautua dela diotenek. Muzin egiten die errealitateak, ordea, baieztapen horiei, eta behin eta berriz ikusten ditugu injustizia sozialak, langileen ezina eta kultura matxistaren mila adierazpen.

Arduraz bizi ditugu, berriz, irratian eta telebistan jasotzen ditugun albisteak: orain aste batzuk Tolosan fisioterapia zentro batean emandako ukipenak edota berriki gurean, karnabaletan, gertatu den indarkeria kasua. Horrelakoek bihotza kizkurtzen digute, eta erantzuleen bila eta zigor eske botatzen ditugu gure aldarriak ozen. Baina, zoritxarrez, eraso horiek ez dira puntualak. Eraso horiek ez dira ausaz gertatzen, guztiek baitute oinarrian kultura matxista, baita oharkabean pasatzen diren eraso horiek ere. Izan ere, indarkeria kasu horiek bizi garen gizartearen sintoma baino ez dira. Indarkeria matxista ezin ezaba genezake soilik erantzuleak zigortuta –noski, behar du erasotzaileak zigorra–, indarkeria hori kultura oso baten gainean eraikitzen bada. Horrela, erasoen arteko hautaketa bat egiten da gizartean: tabernetan asteburuetako parrandetan gure lagunak egin dituen ukitu, irain edo begirada lizunak ez dira eraso, telesail edo gure musikari gustokoenaren bideoklipean dagoen emakumeekiko mespretxua ere ez... mila adibide egon daitezke; aldiz, Tolosako edo Azpeitiko kasu horiek ezin mespretxagarriagoak dira.

Hautaketa faltsu horrek garamatza indarkeria matxistaren existentzia bera ezeztatzera: kasu batzuk isolatuta seinalatzen ditugu, ez hanka ez buru ez balute bezala. Gainontzekoak, ausazko edo arrazoirik gabeko gisa ulertzen ditugu horrela. Eta hor hasten da arriskua. Izan ere, kasuen larritasuna alde batera utzi gabe, eraso guztiak, txiki ala handi, emakumeon izaera soziala betikotzen dutenak, guztiak dira eraso, eta horiek dira bizi dugun gizarte matxistaren ondorio eta oinarri aldi berean. Hori ez salatzea da, hain zuzen, indarkeria matxista betikotzeko baldintza.

Herriko errealitateak argi agertzen digun bezala, eraso matxista konstantean bizi gara, ideia erreakzionarioetatik hasi, estrukturalki jasaten ditugunetatik pasatu eta biolentziazko indarkeria kasuetara arte. Guk emakume langileon askapena gizartearen sustraiko eraldaketatik etorriko dela uste dugu, eta jarraituko dugu kultura matxista hori seinalatzen, indarkeria kasuak salatzen eta erasotzaileen nahiz horien konplizeen izaera erreakzionarioa salatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide