Maiatzaren bukaerarekin etorri ohi da uda usaina. Eguraldi ona, Gaztetxeko futbito txapelketa, ikasle askorentzat oporrak... eguzkiak badaki goizago esnatzen eta beranduago erretiratzen, lagunekin egon gaitezke garagardo bat hartzen terrazaren batean. Ikasturteko lanak bukatu nahian dabiltzanak ere jakitun dira azken txanpan daudela.
Azpeitiar askorentzat udako festen lehen geltokia Sanjuandegiko festena izaten da. Eguraldiak laguntzen duenetan, gutxienez, gaztez betetzen da ostiralean auzoko plaza, larunbat arratsaldean ere karpatik txosnarako bidea jendez lepo bilatzen dugu, eta gauean ere parranda egiteko aukera ezin hobea egoten da; herrian bertan, baina ez beti bezala, herrian, baina diferente.
Udako festen inaugurazio horrekin hasten dira, aldi berean, lehen mozkorrak, lehen desfaseak eta askorentzat lehen beldurrak. Izan ere, parrandara guztiok irten ohi gara horrelakoetan, baina emakumeok gara, askotan, etxerako buelta beldurrez-edo egiten dugunak. Adierazpen asko dituen indarkeria matxistaren beste zantzu bat da hori: parranda testuinguruan egon daitezkeenez gain, etxera bakarrik itzultzea, tamalez, arriskutsua izaten delako gutako askorentzat.
Askok telefonoa eskuan dutela egiten dute buelta, besteak lagunen baten zain egon ohi dira, edo bada aita edo ama bila joaten zaionik ere. Hala ere, hainbeste dira egoerak, soluzio guztiak ez direla soluzio. Orain gutxi irakurri nuen egunkarian EAEn urteko lehen hiru hilabeteetan 1.500 eraso matxistatik gora salatu direla, atera kontuak.
Pasa den urtean Sanjuandegiko festetan bertan ere jaso genuen hainbat erasoren berri. Emakumeok gertutik bizi ditugun egoerak dira horiek, eta gainera, erasoen aurrean oztopo ugari jartzen dizkigu gizarteak: askotan erasotuaren hitza zalantzan jarriz, erasoaren nolakotasunari erreparatuz emakumearen integritatea alboratuta, erasoa salatzeko oztopo burokratikoak...
Gizartean ideia erreakzionario eta matxistak zabaltzen ari dira, geroz eta jende gehiagok ukatzen du emakumeon zapalkuntza bera. Eta gizartean ugaritzen ari den pentsaera horrek ekartzen du halako erasoen ugaritzea; erasoen oinarrian daudelako, besteak beste, aipatutako oztopoak: oztopo horiekin erasotzaileak errazago, lasaiago, egiten duelako eraso.
Urgentea da ideia horiei kontra egiteaz gain, erasoen aurka defentsa antolatzea: eraso matxisten aurka emakumeok batzea. Itaiatik urte osoan dihardugu lanean indarkeria matxistaren nolakotasuna agerian uzten eta bere forma guztietan salatzen. Sanjuandegiko festetan, bigarren urtez jarraian, etxeratze kolektiboak antolatu ditugu Itaiatik.
Ekintza honen bitartez, emakumeok modu seguru bat izango dugu etxera bueltatzeko. Auzotik gainontzeko lekuetara elkarrekin joango gara, hainbat juntadizo hitzartuz, ez dadin inor bakarrik geratu. Horrez gain, protokolo bat ere egongo da, parrandan zehar, erasorik balego, erasotuaren segurtasuna bermatzeko eta beharrezko neurriak hartzeko.
Agian, askorentzat, txikikeria bat baino ez da, baina emakumeok antolakuntzaren bitartez egin dezakegunaren adibide bat gehiago da. Erasoak une oro inguruan ikusten ditugun honetan, beharrezkoa dugu horiek normalizatu beharrean, aurre egitea. Beharrezkoa dugu indarkeria matxistaren jarrera irmoa izatea, eta, horretarako, nola ez, antolatzea.