Zergatik bandera gorriak Martxoaren 8an? Galdetuko du batek baino gehiagok. Zergatik mobilizazio ezberdinak, eta zergatik ez elkarrekin ospatu egun hau? Izan ere, emakumeon auzian bada nolabait zentzu komun bat: denok elkartu eta ospatzearena. Baina, egun horretan ere, zer borrokatu izango dugu, ez?
Argi dago Martxoaren 8aren desitxuraketa handia eman dela, garai bateko izaera borrokalariari diskurtso hutsak eta keinu sinbolikoak gailendu zaizkiola, zentzu iraultzaile oro baztertuz. Eta horren ondorio dira hainbat instituzio eta enpresatan ematen diren aurpegi zuriketak, edota egunak berak hartu duen zentzu geroz eta despolitikoagoa. Ai... Clara Zetkinek burua altxatuko balu... Edo, hobe esanda, historian zehar hainbeste borroka egin duten emakume komunista horiek guztiek burua altxatuko balute. Jakingo balute gaur egun ia inork ez dakiela zer aurrerapauso eman zituzten, nola egon ziren lehen lerroan. Eta pentsatzen dut: Bigarren Internazional Sozialistan sortutako egun honetan ezin baditugu bandera gorriak atera, noiz atera behar ditugu?
Dudarik gabe, Martxoaren 8 honetan ere bandera gorriekin aterako naiz kalera. Badakidalako emakumeon zapalkuntzaren aurrean eman ziren pauso ausartenak proiektu sozialistari esker eman izan direla. Badakidalako abortu edo dibortzio eskubideak munduan lehen aldiz Sobietar Batasunean onartu eta eman zirela, bertan eman zirela emakumeon karga ziren etxeko lan horien sozializazio saiakerak ere, eta garai hartan emakume langilea politizatzeko eta aktibo izateko egin zen lan guztiaren jakitun naizelako. Badakidalako, garai hartan bezala, gizarte eredu berri baten eraikuntzan emakume komunistok lehen lerroan egon behar dugula.
Eta Martxoaren 8 honetan ere bandera gorriekin aterako naiz, ez naizelako konformatzen boterean emakume gehiago egotearekin. Ez naizelako konformatzen berdintasun politika ezberdinak aurrera eraman, baina gure egunerokotasunean hobekuntzarik ez egotearekin. Ez dudalako kapitalismo barruan gure askapena ikusten, eta ez dudalako hori bultzatzearen konplize izan nahi.
Eta gaur egun gizartean eta kalean zabaltzen ari diren ideia eta iritzi atzerakoien aurrean, ez dut beste aldera begiratu nahi. Kalean geroz eta ideia matxista gehiago dauden honetan, beharrezkoa ikusten dudalako horiei aurre egitea. Eskuin muturreko alderdiek emakumeok bizi dugun zapalkuntza behin eta berriz ukatzen duten honetan, horri aurre egitea beste hauturik ez dudalako ulertzen. Eta lehen lerroan egotea dagokigulako.
Martxoaren 8a bandera gorriak kalera ateratzeko unea da, ospatzeko egun bat baino, borrokarako egun bat izatera itzultzekoa. Emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko aukera bakarra sozialismoa dela aldarrikatzeko eguna. Gure aurretik milaka eta milaka emakumek hasi zuten borrokaren lekukoa hartzeko, eta emakumeok eraikuntza honetan lehen lerroan gaudela eta egongo garela aldarrikatzeko eguna.