Nondik hasi askatasunerantz?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2025ko ira. 4a, 14:50

Iraila lanera itzultzeko sasoia izan ohi da askorentzat. (Pixabay)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Instagram gisako sare sozialak darabiltzanak argi ikusiko du abuztua askorentzat halako 'askatasun' moduko baten isla dela: joan zaitezke Indonesiara, Cadizera, Tenerifera edota Australiara. Ibili animalia artean, hondartzan, mendian edota hainbat herritako jaietan. Azken finean, abuztuan denborari ahalik eta etekin handiena atera behar zaio, irailean datorrena datorrelako. Askatasun indibidualaren summum-a, betiere lan denbora sozial kapitalistaren barruan.

Irailaren lehena, ordea, berehala etorri da, aurten, astelehena. Eta gizakiaren diziplina ezartzen badu zerbaitek, hori soldatapeko lanak egiten du gizarte kapitalistan. Lanorduen eta denboraren kontrol zehatza daukagu orain: puntualtasuna, erregulartasuna, obedientzia, espazio formala...

Gizarte kapitalistaren motorra, ezagutu dugun garaira arte behintzat, soldatapeko lana izan da; langileek daukaten gaia. Aldi berean, langile klaseak bizi-bitartekoetara sarbidea izateko baliabidea ere bada. Hortaz, bizi ahal izateko lanaren diziplinamendua jarraitu beharra dauka klase desjabetuak. Esan dezakegu 'askatasun formal' bat badagoela, alegia, aukera dezakezu lanik ez egitea, eta kasurik onenean, lan bat edo bestearen artean aukeratzea ere bai. Lanik gabe, ordea, azkar esanda, janik ez. Hor dago gakoa, 'askatasun errealik' ez gizarte kapitalistan.

Langile klasearentzat, irailean berriro ere lanera edo eskolara itzuli behar garenontzat, askatasuna ezin da izan norberaren baitan dagoen sentsazio edo sentimendu bat. Askatasuna materiala da, eta barrera indibidualetik haratago ulertu behar da, alegia, dominazio baldintzen araberakoa izan behar du. Beraz, askatasunaz galdetzeko dominazio kapitalistaz hitz egin behar dugu. Askatasuna klase ikuspegitik gauzatu behar da.

Gure diziplina propioa eraiki behar dugu, ez soldatapeko lanari dagokiona. Seme-alaben hainbat gurasok nahiago lukete politika kontuetan ibiliko ez bagina, hori ere ulertzekoa da... baina zer egingo diogu ba? 

Dena den, uste dut mugimendu bati atxikitzeak badakarrela halako ardura edo inplikazio bat. Eta indibidualismoa eta axolagabetasuna jaun eta jabe diren mundu honetan, elkartasunean oinarritutako diziplinak askatasunerako lehen baldintza jartzen du, pertsonontzako eskola bat da, hein batean. Beste era batera esanda, antolakuntza independente bati atxikitzeak askatasunaren lehen ekintza dakar. Eraiki nahi dugun diziplina politikoak bizitzan errealki parte hartzeko baldintzak ezartzen ditu, bizitzari helburu batzuk ezartzen dizkio. 

Inguruaz eta ingurukoez, desjabetuez eta zaurgarrienez kezkatuko den eta haiengatik borrokatuko duen diziplina berri bat eraiki behar dugu, pertsona eredu berri bat. Gure borroka ez baita egunen batean etorriko den zerbait soilik, beste mundu bat posible denaren ideia errealizatzea ere bada.

Adierazpen eta ondorio ugari ditu zapalkuntza kapitalistak: etorkinak kolpatzen ditu gerratik eta inperialismotik ihes egin beharraz, emakume langileak kolpatzen ditu matxismoaren ideologia zabalduz, ikasleak kolpatzen ditu etorkizuneko lan-indarrerako diziplinamendu zorrotzaz... Bakoitzak dagokion esparrutik, dagokion konpromisoz erantzun behar dio datorrenari; gerran egon badagoelako. 

Ikasturte hasierak, lanerako itzulerak ez ezik, martxan jartzeko eta parte hartzen hasteko garaiak ere izaten dira. Horregatik datorkit burura gaurkotasun handiko Gramsciren idatzi eder bat; hala dio amaierak: "Klase esklabutzaren zamak jasan behar dituen gazte proletario orok etxetik irten, gertuen daukan gazteria sozialisten taldean izena eman eta bertan egin behar du ekarpena, bertan parte hartu. Hori da beretzat eta bera bezalako guztientzat askatasunerantzako lehen pausoa".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide