Non daude emakumeon zapalkuntza ukatzen duten horiek?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2026ko martxoaren 5a

Azkoitiko etxez etxeko langileek hitzarmen berria lortzean atera zuten argazkia. (ELA)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Non daude emakumeon zapalkuntza ukatzen duten horiek?", pentsatu dut nire baitan azken hilabeteetan. Izan ere, harrigarriak dira jakin berri ditugun indarkeria kasuak, zeinetan inpunitate osoz eraso eta misoginia kasu muturrekoak ikusi ditugun. Epstein aipatzean, jakingo duzue zertaz ari naizen. Azken asteotan, mundu guztiak ikusi ahal izan du, Netflixeko telesaila balitz bezala, nola Epsteinen kasuan ehunka ume eta emakume sistematikoki bahitu eta bortxatu dituzten. Eta, horrekin, argiago geratu da pedofiloen eta bortxatzaileen esku dagoela mundua. Hori gutxi ez, eta Julio Iglesias ere agertu zaigu. Egia esan, denok genekien gizon matxista zela, baina atzean zeuden biolentzia eta umiliazio kasuek zer pentsatua eman didate niri behintzat. Bere diruak eta ospeak baimendu diote urte luzeetan bere etxeko langileak esplotatu, sexualki erasotu eta guztiz kontrolatzea. Eta Espainiako klase altuak hori babestu egin du, agerian utziz beste behin emakume pobreak ezerezaren pare jartzen gaituztela, gu erabat deshumanizatuz.

Egoera horiek ikusirik, denok ematen ditugu eskuak burura. Eta emateko modukoa da, noski! Baina sentipena dut horrelako 'muturreko' egoerak bizi behar izaten ditugula gure zapalkuntzak jarraitzen duela ohartzeko. Eta, agian, hori hala dela emakumeok bizi ditugun egoera batzuk normalizatu ditugulako, eta batik bat, emakume pobreenen egoera normalizatu dugulako. Horren adibide da etxeko langileen edota lan sektore feminizatuko emakume langileen egoera, zeinaz ez den ia hitz egiten. Nork daki, adibidez, Azkoitiko etxez etxeko langileak borrokan aritu direla? Edo Gipuzkoako zahar etxeetako emakume langileak greban daudela? Edota jangelako langileak zer egoeratan dauden? Zoritxarrez, albiste horiek isilpean igaro ohi dira.

Emakumeok dugun azpiratu egoera dela eta, lan munduan baldintza kaskarrak inposatzen zaizkigu: soldata baxuak dira horren adibide. Baina hortik haratago, pobrezia orokorrera kondenatua da emakume langilea: lan partzialetara, etxebizitza sarbidera... Eta errealitate hau eskualdean bertan ere badugu, nahiz eta arreta handirik ez den jartzen horretan. Gainera, etxeko langileen eta emakume migranteen kasuak are muturrekoagoak dira: miseria baten truke esklabu gisa lan egiten dute, etxeetan sexu abusuak jasaten dituzte... Eta zer aitortza sozial falta dagoen, gainera, lan esparru horietan! 

Haatik, emakume langileok pobretzen garen bitartean, poltsikoak badakigu nork betetzen dituen. Egia esan, negozioa biribila da: diru publikoaren bitartez enpresak subkontratatu, eta enpresa horiek, lan baldintza penagarrien bitartez, aberastu. Esan, bestela, Azkoitiko etxez etxeko langileei: gaueko plusa edo etxe batetik bestera joaten igarotako denboragatik kobratzen ez zuten bitartean, zerbitzua kudeatzen duen Arreta Zerbitzuak enpresak urte honetan milioika euro poltsikoratu ditu. Egoera horren aurrean antolatzeko ere, a zer lanak! Izan ere, enpresariek ederki dakite nola saiatu borrokarako grin oro gelditzen: mehatxuetatik hasi eta greba eskubidea bera ukatzera arte (%100eko gutxieneko zerbitzuak ezarriz, adibidez). Zer esanik ez etxeko langileen kasuari buruz, askok kontraturik ere ez baitzuten, eta horrek borrokatzeko baldintzarik ere ez die ematen.

Horren aurrean, ezinbestekoa da borroka prozesuak aurrera eramatea eta okerren daudenen lan baldintzen eta eskubide politikoen alde egitea. Gure ardura da emakume langileok aktibo politiko bihurtzeko baldintzak sortzea. Horretarako, Martxoaren 8aren izaera borrokalariari heldu behar diogu, eta emakume langileon arazoak lehen lerroan jarri behar ditugu. Isilpean igarotzetik, guztion borroka izatera igaro behar du!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide