Beste garai batzuk gogorarazi dizkidate azken asteotan Azkoitiko Lidl zaharraren ondoko espazioa biziberriturik erakutsi duten irudiek. Iritsia zen lehenagotik ere gure belarrietara Azkoitiak ez zuela izan gaztetxerik urte luzeetan, baina solas hauetan gabiltzanetik bagenuen auziaren berri bizilagunok, herriko gazte asanbladak mahai gainera atera izan baitu behin eta berriz gabezia hori beste dinamika zein ekintzetan.
Zazpigarren urtemuga ere oraintsu ospatu du Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA): bazkariak, kontzertuak, hitzaldiak, mendi lasterketak... Finean, bere sorreratik egiten ari den lan nekaezinari segida eman dio, eta aurten, gaztetxe bat ireki eta herriko gazteei espazio alternatibo bat eskaintzeko lan pila bat egiten ari den bitartean, gainera. Horrela, ospakizuna espazio baten aterpearekin egiteko aukera izan dute, eta, horrek, ezbairik gabe, asanbladari nahiz ekintzetan parte hartzen dutenei hainbat motatako erraztasunak eta aurrerapausoak eskaintzen dizkie.
Esklabak okupatu genitueneko oroitzapenak ere etorri zaizkit gogora bertara bisitan joan naizenean. Espazio hutsa urte askoan, gazte batzuk sartu eta beren eskuz zein izerdiz eraberritu eta ekintza sozialak gauzatzeko erabilia izan da Esklaben ezker hegala. Eta ordutik, hamarnakako gazte talde bat izatetik, batzuk gehiago izatera pasatu gara; hein handi batean, espazioari berari esker. Orduan ere jasan behar izan genituen nolanahiko mehatxu, gezur eta kriminalizazio saiakerak, ezkertiar zein zentroko deitzen direnengandik. Baina mundu petral honi kontra egiteko eta zerbait hobea –ezberdina– sortzeko borondateak irabazi zuen orduko borroka hartan. Kasik, AGAk berak baino denbora gehiago dauka Esklabetako espazioak; eta Krisiaren Seme-Alabak ginela konturatu arte ere, gazte batzuen izenpean sinatu ohi genituen gure idatziak edota proiektuak. Lotsatik edota ezinetik.
Baina garaiak aldatu dira, eta haziak loratu; eta horren adibide da Azkoitian azken zazpi urteetan egindako lanari esker lortu berri duten espazioa. AGAk ez du izan lotsarik gaztetxearen beharrezkotasunaz hitz egiteko azken urteetan, eta garbi geratu da herriak –munduak– behar dituela halako espazioak: masa kulturatik aldendu eta kultur eta aisialdi aukera berriak izan ditzan gazteriak, bizi ditugun gerra eta ankerkeriei begiratu eta zapalduenen aldeko borrokak bertatik ereiteko, edota errealitatea aztertzeko begiradak zabaldu eta gazteok geure intereseko antolakuntza baliabideak sustatzeko.
Batzuentzat, ordea, badirudi orain sortu dela hizketarako gaia. Elkarrizketaz, bizilagunen zein espazioan daudenen segurtasunaz edo okupazioaz hitz egiteko baliatu dituzte beren adierazpenak. Baina bada atentzioa eman didan zerbait honetan guztian: non geratzen da Gazte Asanbladaren zilegitasuna izateko eta borrokatzeko? Bat-batean badirudi haurrak puskatu dituen platerak konpontzera datozela alderdiak; bakoitza bere posiziotik aterabideak aldarrikatzen ari da, baina haurra bazterrean utzita. Halako paternalismotik eraikiak diren diskurtsoek, ordea, beraiek daukate umekeriatik: aurpegian lehertu zaien problematikari inork gutxik heldu baitio arduraz azken zazpi urteetan, eta segurtasunagatik eta gazteen beharrengatik kezkatuta, beraiek izan behar dute protagonista. Bada, AGAk lehen ere instituzioen laguntzarik gabe –are, oztopoekin– egin badu bere bidea gaur arte, bide hori egiten uztea litzateke orain ere arduraz jokatzea.
Eta oztopoak oztopo, eta gutxiespenak gutxiespen, AGAk elkarrizketarako eta elkarbizitzarako pauso errealak ematen jarraitzen du oraindik: bere adierazpenetan ikusi da eta bere ekintzetan ikusten da. Hiruzpalau aste dira espazioa garbitu, konpondu eta bertan jarduna gauzatzen ari direnetik, eta dagoeneko beste batzuek zazpi urtean baino ardura eta ganora handiagoa erakutsi dute; halaxe aitortu diete bertaratu diren ehunka herritarrek. Ikusi beharko da zein den gaztetxe berri honen ibilbidea; baina bejondeiela 'oraingo gazte eroei' orain artean erakutsi duten ausardia eta borondateagatik. Segi dezagun mundu ilun honetan argi izpi eta aterpe berriak sortzen.