Puntuka

Inpunitatea ari du

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2026ko ekainaren 11

Haur pornografia kasua salatzeko Itaiaren elkarretaratzea, Azpeitian. (Utzitakoa)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Erromatarrei zor omen diegu zuzenbidearen zientzia. Gaur egun, selektibitatea igaro eta Zuzenbide gradua ikastera doan gazteak ziur aski zuzenbide erromatarraren zantzu batzuk ikusi beharko ditu ikasgairen batean. Formalki, zuzenbideak norbanako guztiak berdintzen ditu, guztiak tabula rasa batetik abiatuta epaitu. Errealki, ederki dakigu gorabehera asko izan ohi dituela oinarri horrek, norbanako denak ez baitira gizarte maila berean jaiotzen, pobrezia ere oinordetzan hartzen baita.

Egungo zuzenbide burgesak, hainbat mende pasatu izanagatik, oraindik asko zor dio zuzenbide erromatarrari, ezin uka. La vida de Brian filmeko Judeako Herritar Fronteko kideek ere, beren lurrak okupatu zizkieten arren, erromatarrei legea eta ordena jartzeko gaitasuna aitortu zieten beren inozokeriatik. Eta gaur egun ere, errealitateko baldintza materialak aurka dituen norbanakoa indargabe geratzen da legearen aurrean. Izan ere, egun, posizio ekonomiko edo sozial hobea daukanak beti dauka legea lagun bere botere posizioa defendatzeko eta indartzen jarraitzeko.

Erromatarren garaian ere, gaur bezalaxe, bazeuden legea eta jurisdikzioa nahieran erabiltzen zuten agintariak: zesarretako batek bere armadarekin Rubikongo urak zeharkatu eta Pompeioren aurkako gerra zibila abiarazi zuen bezalaxe bahitzen ditu Trumpek gaur beste herrialdeetako lurrak, aberastasunak edota presidenteak. Indartsuenaren legea gailentzen zaie ustezko zuzenbideari eta berdintasunari. Inpunitatea.

Hiztegian bila aritu naiz. Inpunitatea: latinetik dator, in- aurrizkiak ezezkotasunaz hitz egiten digu; -punitas hitza, berriz, zigorrari lotuta dator. Alegia, zigorrik eza: norbaitek akatsen bat, gehiegikeriaren bat, okerren bat eginda, zigorrik jaso gabe geratzen den egoera deskribatzen du. Mila adibide jar genitzake hitz horri jarraika: orain bi aste Loiuko aireportuan poliziak erakutsi zuena da inpunitatea, adibidez; Vito Quiles probokatzaile faxista unibertsitatez unibertsitate neonazi matoiekin pasieran ibiltzea ere bai; edota herritar arrunt batek haurren milaka irudi pornografiko izatea gorderik bere etxean.

Kasu horiek guztiak lotzen ditut nik inpunitatearekin, gehiegikeriak onartzen dituen gizarte batean bizi baikara: beren bizitza Israelgo uretan arriskuan jarri dutenak jipoitzen dituztenak dauzkagu; etorkinak, ezkertiarrak, pobreak deabruaren pare jarri eta telebista eta prentsa titularrak betetzen dituztenak ere bai; eta orain urte batzuk haur pornografiagatik atxilotu arren praktika higuingarri berberak egiten jarraitzen duen jendea ere badaukagu, hementxe, herrian. Izan ere, inpunitatea daukanak, gaizkia egin eta zigorrik jaso ezean, gauza bera egiten jarraitzeko eskubidea irabazten du de facto. Kasu horiek erakusten digute legea eta zigorra eskala sozialeko norabide bakarrean ardazten direla oraindik ere; Antzinako Erroman bezalaxe. 

Guk, beharbada, historiatik oinordekotzan hartu duguna ez dira ez legea, ez boterea izan. Historiak amorrua eman digu; eta horrek garamatza, agian, behin eta berriz kaleak hartu eta bizi dugun miseria borrokatzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide