Puntuka

Euskararen benetako etsaiak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2026ko uztailaren 9a

USaPen Euskara azterketan zero atera zutenetakoak, protestan. (EITB)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Une batez Wazemank telesaila ikusten ari nintzela sinetsi banuen ere, USaPeko Euskara ikasgaiko zeroen albisteak erabat lekuz kanpo harrapatu nau. Izan ere, boteprontoan, barregura eragin zidaten telebistan negar zotinka atera ziren ikasle gazteek.

Euskararen aldeko jarrera aktiboa izatea maiz auzi arantzatsua bihur daiteke: batez ere, zure bizi zirkunstantzien nolakotasunak determinatzen dutenean zure bizimodua, zure ingurua, zure hautu erreala. Euskaldunak garenok euskarara jotzeko halako ekinbide bat izan ohi dugu gauden testuinguruan gaudela, eta beharbada, egoskorkeria horrek badu zerikusirik oraindik euskara bizirik egotearekin, hainbeste lan egin duen euskalgintza nekaezinaz gain. Baina egia da guztiek ez dutela aukera hori izan, eta guk, gure etxetik, gure Azpeititik hitz egitea erraza dela.

Kontuak kontu, aspaldiko mamuak ere etorri dira berriro euskalgintzara. Analisiek, ikerketek, hala diote: euskarararen biziberritzea ezbaian omen dago, dela etorkinen etorrera masiboak euskara galarazten omen duelako, dela globalizazioaren olatuak bete-betean harrapatu gaituelako. Analisi guztiekin bat etorri ez arren, harrabotsa sortu dute azken asteotan Euskara eta Literatura azterketako zero askok.

Gutxi gorabehera 80 ikasle omen dira, sei eskolatakoak, itunpekoak guztiak, A edo B ereduetakoak. Ikasle horien gurasoek eskola pribatuak ordaintzen dituzte bi gauzagatik: batetik, seme-alabek etorkinekin ikas ez dezaten, eta bestetik, euskararik ikasi gabe beren gurasoen enpresa herentzian har dezaten. 

Azterketari begiratuta, sartu gaitezke ebaluazio irizpideez, balizko anonimotasunaz edota azterketaren diseinuaz hitz egitera. Egia esanda, neu ere ez nengoke ados proposatzen denarekin, filtro sozialerako tresna bat baita ezeren gainetik. Baina gaurkoan, nahiago dut euskararen defentsari, hizkuntza eskubideen gaiari heltzen badiogu. Inork gutxik jartzen du zalantzan ikasle horien euskara maila penagarria dela, are telebistara hori erakustera atera direnean beraiek. Baina are penagarriagoa da erabaki kontziente bat izatea hori, beren klase pribilegioak mantentzeko egiten duten hautu bat baita A edo B ereduan ikastea, euskara baztertuta. Paradoxikoa da, ordea, nola beraiek hasi diren hizkuntza eskubideak aldarrikatzen lau haizetara, eta paradoxikoagoa auzitegietan eta hedabideetan hauspoa nola eman zaien ikustea. Uste dut horrek ere azaltzen dituela zenbait jarrera: ez neukan zalantza handirik Voxen edo PPren bozgorailuek egoera aprobetxatu nahiko zutela berriz ere euskararen estigma zabaltzeko.

Auzitegiek, kautelaz, notarekin kexatu diren ikasleen batez bestekoan Euskara azterketa kontuan ez hartzea erabaki dute. Horren aurrean, berriz, EHUk esan du ikasle horientzako aparteko plazak aterako dituela. Euskara, horrela, berriro ere bigarren mailako hizkuntza izatera pasatzen da, sistemak berezkoa duen elitismoa azaleratzen du. 

Aurrekari oso arrikutsua uzten du honek; zalantzan jartzen dira zuzentzaileen lana zein euskaraz ikasteko eskubidea bera, eta euskararen aurka oldartzen ari direnei arrazoia ematen zaie. Eta, noski, horrek pentsatzera garamatza euskaldunok bigarren mailako subjektu garela, gure hizkuntzaz ez direla arduratzen instituzioak. Horretan ados, ezta? Bada, nago askotan euskararen benetako etsaiak beste nonbait bilatzeko joera daukagula, gu baino beherago daudenei begiratuta, ikasteko ez aukerarik, ez baldintzarik izan ez dutenei begiratuta. Beharbada, horixe izango da errazena: etorkin asko dator eta ez dira euskalduntzen, mezu horrek dakartzan arrisku guztiekin, lehendik zeuden aurreiritziak indartu besterik ez baititu egiten.

Irrigarria bazirudien ere, pasadizo honek ederki utzi du agerian irakaspen bat: norberak hautatzen ditu etsaiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide