Politikan, errelatoaren inguruko borroka izan ohi da maiz norgehiagoka dabiltzanen artean. Gertaerak berak baino, gertaera kontatzeko eta hedatzeko gaitasunak, kontakizunak, hartzen du pisua gizartean, egiari izkin egin behar bazaio ere. Eta horrek herritarrengan normatibitate jakin bat hedatzea du xede. Errelatoek gure kulturaren oinarriak jartzen laguntzen dute, eta hortaz, mundua ikusteko modua ere norabidetzen dute. Beraz, esan gabe doa sarean edo telebistan nolanahi hedatzen diren albisteek agintari politikoentzat hartzen duten garrantzia: ideia bat sinets dezazun nahi badut, hura zilegiztatzen edo justifikatzen duten gertakariz itsutuko zaitut.
Gurean ere, bide batez, zerbait ikasi dugu azken urte honetan. Ez baitira kontu berria bizitzen ari garen joera erreakzionarioa eta hura zilegiztatzeko gertatu direnak –edo gertarazi dituztenak–. Ez dugu alferrik borrokatu ezarri nahi izan duten errelatoa. Izan ere, zenbait indar politiko eginahalak egiten ari dira aspalditik Euskal Herrian ere inpunitate marko berri bat ezartzeko. Ikasteko ere eman digu urtebete honetako borrokak Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideoi: poliziak eragin egiten ditu istiluak hemen eta han, Segurtasun sailburuak sektore bat kriminalizatzen du istiluen erantzule gisa seinalatuz, eta hedabideek –iritzi sortzaile profesionalek– gertatutakoaren errelato interesatu eta faltsua zabaltzen dute gizartean.
Dena den, hain izan zen nabarmena poliziaren probokazioa, inor gutxik irentsi duela herrian zabaldu nahi izan duten errelatoa. Noski, horri gehitu behar diogu kriminalizatuok kikildu ez izana eta muntaia hori guztia salatzea. Orain, errelatoa behar bezainbeste zabaldu dutenean, 23 gazteak kargugabetzeak ez du interesik sortu ustez kazetariak diren askorengan.
Bide beretik, Zupiria jaunak maiatzaren amaieran "uda beroa" iragarri zuen gazte mugimendu antolatuak dianaren erdian jarri eta gerta zitekeenaren ardura –oraindik gertatu ez zenarena– horien gain utziz. Bada, Zupiriak desio zuenaren kontra, mugimenduek beren jardun politikoa aurrera eramaten jarraitu dute festarik festa, halako probokazio harroputzetan erori gabe.
Besterik ere egon da, tamalez. Askok entzungo ez zenuten arren, Santurtzin poliziak Ander izeneko pertsona bat hil zuen kalean, guztien begien bistan. Hainbat poliziaren artean kalean atxikitu, eta taser pistolarekin erasotu zuten behin baino gehiagotan gaztea, nahiz eta ordurako lurrean immobilizatuta zeukaten. Larrialdi zerbitzuetara eraman zutenean, polizia agenteek ez zuten horren berri eman, ezta egindako esku hartzearen biolentziari buruz zerbait esan ere.
Hilabete hauetan zalaparta eragin du auziak han, baina nekez gogoratuko du azpeitiar batek gertatutakoa. Polizia sindikatuek esku hartzearen proportzionaltasunaz eta zuzentasunaz hitz egin zuten, heriotza beren arduratik kanpo utziz, eta prentsan gehiago dago bertsio horretatik, familiak eta ingurukoek sortutako plataformak salatu nahi izan zuenetik baino; itxura batean, ez zegokeen zeresanik. Alabaina, orain astebete izerdi hotzak etorri zaizkio udaleko Segurtasun batzordeari; izan ere, Anderren aldeko plataformak poliziaren esku hartzearen irudiak erakusten dituen bideo bat atera du argitara. Hainbestekoa da poliziaren bortizkeria, udaleko Segurtasun batzordeko bozeramaile jeltzalea, ondoezak jota, ez dela gai izan kontuak argitzera agertzeko.
Irudietan ikusten da sei polizia agenteek Anderren aurka erabiltzen duten biolentzia; haietako bat, gaztea lurrean dela, haren gainean saltoka ere ikus daiteke, biolentziaren inpunitatearen erakusgarri. Eskuburdinak jarrita eta immobilizatuta zeukatela, taser pistolarekin deskarga elektrikoak ematen jarraitzen dutela ikusten da, eta hori guztia bi orduz, 40 gradu egiten zituen egun batean.
Azalpenak eman behar izan zituen jeltzaleak, berriz, "kezka" adierazi zuen, irudiak "justifikatzen zailak" omen. Hori geratu zitzaidan buruan iltzatuta: justifikatzen zailak. Zer pasatzen da mafioso horien burutik? Zein dira ezarri nahi duten markoak dauzkan marra gorriak? Justifikatzea ote da kontua? Ez zaie nonbait bateragarria egingo zabaldu nahi duten errelatoarekin, poliziaren biktimizazio etengabearekin.
Neure beroalditik, polizia horien bihozgabetasuna datorkit burura, amorrutik; pertsona bat nola izan daitekeen gai horrela jokatzeko egoera horretan. Eta ez dakit kargurik eskatuko den polizia agente horien aurka. Ez dakit behin eta berriz gertatzen diren istiluak zenbateraino diren polizia instituzioen barruko tentsio politikoen ondorio. Ez dakit plataforma antolatuak beraientzat bereziki bortitzak diren irudiok atera ez balitu, zertan geratuko zen auzia. Baina auziaren ardurak argitzera atera denak irudiak "justifikatzen zailak" direla dioenean, edonork pentsa dezake bere eginkizuna, hain justu, edozer justifikatzea dela.