Puntuka

Frantzia sutan

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre

Manifestariak Parisko Errepublikaren monumentuan, urriaren 17an. (Frecha / Wikipedia)

Eider Agirrek Guka egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau. 

Espainiako Estatutik hauteskundeen hotsa badatorkigu ere, ez da bake girorik muga horietatik kanpora. Irailaren erdian hasi ziren ikasle mobilizazioek jarraipena izan dute beste hainbat sektoretan ere Frantziako Estatuan. Ez da Frantziatik halako irudi esanguratsuak iristen zaizkigun lehen aldia. 2018 inguruan jaka horiak izan ziren, eta orain Frantzia guztia hartu dute horiekin batera sindikatuek, langile publikoek, ikasleek eta abarrek, gobernuaren murrizketen eta bizitzaren garestitzearen aurka.

Krisialdi ekonomiko larri baten ondorioak bizitzen ari gara, zalantzarik gabe. Hamarkadaz hamarkada ongizate estatuak biztanleria bakean mantendu araztea lortu badu ere, langileen lepotik etekin ekonomikoei eutsi nahia –finean, kapitalismoa– bere mugak erakusten hasia da. Etorkizuna ziurgabetasunez betea dago, eta Parisko kaleetako irudiek promesa faltsuen ondorio den haserrea transmititzen dute.

Frantziak bere barne produktu gordinaren %120 inguruko zor publikoa dauka, Europatik eta oligarkia handietatik datozen aginduei leial, defentsako gastua handitzen ari den bitartean, gizarte gastuak murrizten ari da, hezkuntzan, pentsio sisteman eta osasungintzan, adibidez. Antzeko egoerak bizi dira inguruko herrialdeetan. Oligarkiek estatuen aberastasuna NATOren eta EBren aginduei eusteko erabili behar duten bitartean, langileentzat oinarrizko baliabideak izan direnak deuseztatzen ari dira, eta horrela, proletarizazio prozesua azkartzen.

Belaunaldi gazteak gerra garaietara egokitu behar garela dioten berberek, Frantziako protestak ikusita esango dute bake soziala ezarri behar dela lehenbailehen; eta Mendebaldeko prentsa guztiak komertzio kaltetuen eta atxilotuen kopuruak eman baditu ere, inor asko ez da kezkatu sektore proletarioek han bizi duten egunerokoaz: bederatzi milioi pertsona pobreziaren parametroetan koka ditzakegu, lau pertsonatik bat pobrezian bizi da, egunero etxegabetzeak eta laneko heriotzak, eta azken bost urteetan bizi baliabideak %16 garestitu dira. Horra hor, langileriaren eguneroko gerra.

Nahikoa arrazoi bazituen ikasle mugimenduak ere irailean hasi zituen protestak hasteko, baita gainontzeko sektoreek protestak indartzeko eta bizi duten egoeraren erantzuleak jopuntuan jartzeko. Azken mobilizazio jendetsua –800.000 manifestari inguru– joan den larunbatean izan zen eta irudi indartsuak utzi ditu, gustukoak izan ala ez. Bide batez, ez da hain garrantzitsua gazte batek poliziak gas negar eragilea botata begi bat galdu izana eta beste bat besorik gabe geratzea poliziak botatako granada batengatik.

Estatuak, moderaziorako eta lasaitasunerako deia egiten duen bitartean, mobilizatzen ari direnak kriminalizatzen ditu: ezker erradikala, anarkistak, integratzen ez diren etorkinak, sektore pobretuenak...  Le Penen ultraeskuinak, berriz, errepresioa eta zigorra besterik ez dizkie opa mobilizatuei. Eta, nola ez, hemengo prentsak, tertuliano orojakileek eta albistegiek ere mobilizazioen biolentzia argiztatzen dute, benetan inporta duenaz gehiegi hitz egin ez dadin. Baina Frantziako langileriak badaki nork erreprimitzen dituen, nor aberasten den bere lanarekin, nori ordaindu behar dizkion hipotekak eta etxeak, nork kendu dion kalitatezko hezkuntza, nork eragozten dion osasungintza duina, noren poltsikoetara doazen bere zergak. Bere klase posizioaz jabe da eta, nire ustez, mobilizazioen irmotasuna horretan datza.

Frantziak historia liburu asko bete ditu Aro Garaikidean, lehen ere Europako beste zenbait herrialdetara iraultzak hedatzeko lehen hazia jarri zuen, eta oraingoan ere Italian, Portugalen eta beste zenbait herrialdetan ari dira bizitzaren garestitzearen aurkako mobilizazioak antolatzen. Espainian ere, Madrilgo kanpaldian hasi zen mobilizazio uholdeak badauka zerikusirik Europan ematen ari den mugimendu jasarekin.

Errepublikaren monumentua kaxa horiz jantzita ikusteak, Bastilla plaza manifestariek hartzeak, badaukate halako irudi sinbolikoen antzik. Garbi dago iraultzarako aukerarik gaur-gaurkoz ez dela existitzen, bidea egiteko dagoela, iraultza antolatu egin behar dela. Are gehiago, hemen eta han eztanda txikiak ikusten ditugunean poz txikiak har baditzakegu ere, borrokak beraiek antolatzea bezain zaila izango da ezkerreko alderdi parasitoek borroka horiek ez berenganatzea edota eskuinaren kriminalizazioari eta errepresioari aurre egitea. Kontuak kontu, eskaini diguten bizitzarekiko desesperantza eta haserrea ezkutatuko dituen telebistarik ez dago.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide