Etxebizitza: babesgune ala infernu?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre

(Argazkia: Pixabay)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urte batzuk pasatu dira etxean konfinatu gintuztenetik, dena etxeko lau pareten artean egitera behartu gintuzten garai arraro haietatik. Eta gogoratzen dut, etxean geunden une haietan, behin eta berriz galdera berberak etortzen zitzaizkidala burura: zer egingo ote dute konfinamendua senar erasotzaileekin pasatu behar duten horiek? Nola ote daude indarkeria matxista etxean jasaten duten emakumeak?

Aste haietan argi geratu zen etxebizitzak gure bizitzetan duen garrantzia. Izan ere, zoritxarrez, etxebizitza, babesgune izatetik urrun, infernu bilakatzen da askorentzat. Egunero-egunero han bizi dituzten irainek, kolpeek eta mespretxuek beraien etxea arrotz bihurtzen dute eta, askotan, kalera irtetea izan ohi da arnasa hartzeko eta "bake apur bat" lortzeko aukera.

Egoera horretan jartzen naiz batzuetan eta hotzikara sortzen zait. Pentsatzen dut, etxebizitzaren arazoa lehen lerroan dagoen honetan, are eta arazo potoloago bihurtzen dela egoera horietan dauden emakumeentzat. Askotan, hil ala bizikoa. Norbaitek esan dezake erraza dela: joan daitezela beste etxe batera, eta kito. Ai, hain erraza balitz. Gaur-gaurkoz, inork gutxik esango du etxebizitzarako sarbidea ez dela arazo bat. Eta joan den astean kaleak nola bete ziren ikusteak are eta argiago uzten digu gaur egun etxebizitza eskuratzeko zailtasunak gizartean sortzen duen kezka. Horri emakume askok eta askok beraien senar erasotzaileekiko duten menpekotasun ekonomikoa gehitzen bazaio, are eta zailago bihurtzen da etxebizitzarako sarbidea. 

Sare sozialetan beste zerbait saldu nahi diguten arren, hori da indarkeria matxistaren aurpegi ohikoena. Argi izan dezagun emakumeok jasaten ditugun eraso matxistak ez dituztela ezezagunek egiten. Eraso horiek emakumeon ingurune hurbilean gertatzen dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktimen %90,2 bikotekideek, bikotekide ohiek edo beste senide batzuek eragindako indarkeriaren biktima dira. Eta horrek argi uzten du milaka emakumerentzat etxebizitza bera indarkeria espazio bihurtzen dela.

Egoera horretan, milaka emakume aterabide gabe gelditzen dira. Beste etxebizitza baterako aukerarik gabe, infernu horretan bizitzera kondenatuta. Beste batzuetan, ordea, emakumeek salatzeko hautua egiten dute, eta erasotzaileen etxeetatik irteten dira. Marka da gero! Erasotua den emakumeak etxetik joan behar izaten du, bere bizitza guztiz aldatuz, eta erasotzailea da etxean geratzen dena. Hori gutxi ez, eta emakume horiek duten baliabide falta ere harrigarria da, instituzioek ez baitute soluziorik ematen: indarkeria matxista jasan duten emakumeentzat 385 plaza daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan larrialdiko baliabideetan, egonaldi ertainetan eta iraupen luzeagoko ostatuetan banatuta. Bitartean, genero indarkeriaren biktima eta etxebizitza babestu eskatzaileak diren emakumeak 2023an 1.930 izatetik 2025ean 2.250 izatera igaro ziren. 

Horrela, etxebizitza eskuratzeko duten arazoaren ondorioz, emakume langileek oztopo handia dute, batetik, bizitza betea eta independentea garatzeko; eta, bestetik, jasaten dituzten indarkeria egoeretetatik askatzeko. Eta indarkeria matxista eta etxebizitza arazoak nabarmen areagotuko direla ikusita, egoerak ez du hobera egingo. Edo ez du itxurarik, behintzat. Eta arazoa luzerako etorri dela esango nuke.

Egunen batean etxebizitza guztion babesgune izatea nahi badugu, ordea, badugu lan egiteko biderik. Eta, nik uste, horretarako beharrezkoa izango dela indarkeria matxistaren aurkako jarrera jendartean zabaltzea. Erasoen aurrean guztiok posizionatzea eta erasotzaileen aurkako jarrera normaltzea. Eta, horrekin batera, etxebizitzara sarbidea guztiok izan dezagun antolatzea. Egunen batean, etxebizitza babesgune izan dadin pertsona guztiontzat.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide