Josep Lluis Carod Rovira ERCko presidente ohiak Durangoko Azokan esan berri du Katalunian orain eztabaidaren muina ez dela independentzia bideragarria den ala ez, baizik eta independentzia nola lor daitekeen eta, batik bat, zeinek urra dezaketen bidea. Pako Aristik berak azokan: "ETAk jarduera armatua bukatu zuela iragarri zuenean, klima soziopolitikoa lasaitu egin zen, hobetu. Tentsio batzuk indargabetu egin ziren. Une horretan pentsatu nuen ideia berriak zirkulatzen hasiko zirela, planteamendu berriak, eta hori ez da gertatu".
Horrek "kezka" sortzen dio idazleari. "Gauzak esan beharra dagoela sentitzen dut". Gauzak esaten hasi, eta esaten ditu. Hitzaldian botatako bat: "Ez daukagu prestatuta independentziaren diskurtsorik". Katalunian bai, haren arabera. "Han Omnium Cultural elkartea sortu zuten hizkuntz katalanaren alde-eta egiteko. Pentsamendu politikoa lantzen du Omniumek". Euskal Herrian jendeak ez omen daki independentziaren aukera defenditzen. "Jendeak, batez ere, hedabideetan agertzen diren gaiez hitz egiten du; jar ezazue belarria tabernan ordu erdi batez. Galdetu independentziari buruz, eta jendea totelka hasten da".
"Nahasmena dago"
Liburuan ere zorrotz aritu da Aristi. "Gidaritza politiko inteligente baten falta dago", "Joseba Ariznabarreta: 'Estrategia propioa ez daukan herriak besteen estrategia betetzen du'", "gure artean sarritan emozioek hartu dute gogoetaren lekua, eta kontsignek bete dute estrategiaren tokia" edota "hemen ez da pedagogiarik egin, orain arte, independentziari buruz", botatzen ditu. Ondorioa, Baigeran azpimarratu duenez: "Gogoeta falta somatzen dut, estrategia falta. Nahasmena dago".
Dena dela, idazle batzuk bederen, ari omen dira "espabilatzen" eta "esnatzen". "Neu, adibidez, esnatzen ari naiz", aitortu du. Bernardo Atxaga ere ari da, Aristik dioenez: "Elkarrizketa batean esan du herri hau kolonizatuta dagoela. Uste dut lehen aldiz aipatu duela halako zerbait. Esnatzen ari da, eta Atxaga ez da idazle susmagarria".
Ideiak
"Independentziak batasuna eskatzen du, eta batasuna estrategiarekin soilik lortzen da", idatzi du liburuan Aristik. "Subjektu politikoa" eratu beharra dagoela ikusten duela aipatu du hitzaldian. "Kataluniako herria subjektu politikoa da. Hor dago Diadako manifestazio erraldoia".
Badu proposamen bat: Ideia Politikoen Laborategiaren sorrera. Beste kasuak aztertzeko ("Lituania, Letonia eta Estonia, esate batera"), bide berriak jorratzeko eta abar litzateke. Estrategia marrazteko. "Mezu bateratua eta argia behar da". Hizkuntza propioa, kasu. "Benito Lertxundi izan da hemen aurrena esaten herri hau herri menderatu bat dela. Gertatzen da Euskal Herriak oraindik ez dakiela nola utzi herri menderatua izateari".
'Dependentzia' plazara
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabaki bat dela medio —alegia, Espainiako Estatuaren aginduz—, Jaurlaritzak jakinarazi berri du ez diela eguberrietako aparteko paga ordainduko bere 67.000 langile publikoei. "Autonomia ukituta uzten du honek", esan du langile funtzionario batek irrati batean. Independentziaren bila jotzea onena? "Jaurlaritzak badauka dirua paga hau ordaintzeko, eta Espainiak esan dio ezetz. Honek aldatu beharra dauka", adierazi du irrati berean solaskide batek. Independentzia?
Aristik 'dependentzia' ere aipatzen du, ordea. "Hasi behar dugu dependentziaren alde daudenei zergatik dauden galdetzen, horrek zer aportatzen dion herriari, demostratu dezatela, argumentuak eta arrazoiak emanez, dependentzian bizitzea hobea dela. 'Ni ez naiz independentista' esaten duenari, galdetu behar diogu: 'Dependentziaren alde zaude?'". Ondorioz, "ideia hori zirkulazioan jarri behar da".
Nafarroako Euskal Estatua. "Zaila zagok"
"Nafarroako Euskal Estatua. Izen dotorea", aipatzen du. "Nafarroako Erresuma desegin geroztik ez dugu inoiz gure lurrean agindu. Ez dugu botere propiorik; baimentzen dizkiguten diruen kudeatzaile baino ez gara".
Ez dago erraza, ordea, independentzia lortzea, eta Aristik berak ere aitortzen du. "Gaur goizean taberna batean nintzela, hango batek jakin du hemen hitzaldi bat ematekoa nintzela independentziaz, eta 'zaila zagok' esan dit. Apuntatu egin dut".
Espainolera itzuliko diote liburua
Pako Aristi (Urrestilla, 1963) 80ko hamarkadatik ari da liburuak argitaratzen (bibliografia). Poesia, narrazioa, biografia, nobela, kronika, antzerkia, artikuluak, antologia eta saiakera landu izan ditu. Saiakerako bat da haren azkeneko pieza: aipatutako Independentziaren paperak. Erein argitaletxearekin atera du, eta enpresa editorea liburua espainolera itzultzen ari da, idazleak hitzaldiaren ostean jakinarazi duenez, Sanagustin kulturgunean trago bat hartzen ari zela.
Atzoko hitzaldiko zati bat (9.13ko iraupena)