45 urte igaro dira Espainiako frankismoak Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxeberria Otaegi ETAko militanteak fusilatu zituenetik. Haiekin batera, FRAPeko Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramón Garcia Sanz militante antifrankistak ere izan ziren erailak. Diktaduraren azken hatsetan, eta sasi-trantsizio baten atarian, erregimenaren mendeku-adierazpen gogoangarria dugu 1975eko irailaren 27 hartan gertatutakoa.
Gudari Eguna Euskal Herriaren alde bizia emandakoak oroitzeiko eguna dugu. Begirada luzez atzera so eginez gero, ehunka dira geure Herriaren askatasunaren alde bizitza galdu duten borrokalariak: 1936ko su-hotsen artean galdutakoetatik hasita, askatasunak esku artean leher egin zienen arteraino. Barrote artean, ehunka mendeku kilometrora, utzi gaituztenak… Haien guztien izenak oroitu eta aitortzeko parada dugu gaur; ahanzturaren sareetan galtzen utzi ez, eta haien borroka beraren ahots izatekoa. Milaka militanteren eskuzabaltasuna balioan jartzekoa.
Orain, baina, eleberri eta telesailekin inposatu nahi digute bestela ere sinestea lortu ez duten errelatoa. Narratiba bakarraren izenean, herri honetan bizirik dirauen gatazka politikoa ukatu eta haren ondorioak lausotu nahi dituzte. Gazteok, baina, gertatutakoaren eta bizi dugunaren kontakizuna egiteko ardura dugu, baita horretarako konpromisoa ere, geure herria ukatzen dutenei herri memoriaz erantzunez, iluntasunean kokatu dutena argitara ateraz, fikzio eta gidoi desitxuratuak berridatziz. Iraganean gertatutakoaren kontakizun kolektiboa eraikiko dugu, orainari begiratu eta etorkizuna eraikitzeko.
Euskal Herria historia luzea duen herria da. Zapalkuntzek idatzitako lerroetan gazte-belaunaldi asko eta asko izan dira protagonista. Injustizien aurrean altxatu ziren "gazte ero" haiek geure herriari patu berri bat idazteko konpromisoa hartu zuten, independentzia, sozialismoa eta feminismoa helmuga. Gaur egun ere, injustizien aurrean altxatzen garen gazteok idatziko dugu oraina, baina baita geure etorkizuna ere. Amets eta borroka beretik loratzen diren adaxka gazteak; Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna eguneroko lanez eraikitzen ari garenak, bizitzak erdigunean jarriz, bizirik dagoen herria harilkatuz.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora eusko gudariak!
Gora euskal gazteria!