Duela 37 urte, 1984ko martxoaren 22an, Pasaiako Badian, Pedro Mari Isart Pelitxo, Rafael Dalas Txapas, Dionisio Aizpuru Kurro eta Jose Mari Izura Pelu Komando Autonomo Antikapitalistak (KAA) erakundeko kideak hil zituen polizia espainiarrak.
Gaur, sarraski horren biktimak izan zinetenok gogoratzeko eguna dugu, baina baita gaur egun sarraski hori burutu zutenek duten inpunitatea salatzekoa ere, ez baita hilketaren arduradunik epaitu.
Zapalkuntzek idatzitako lerroetan gazte belaunaldi asko eta asko izan dira protagonista. Injustizien aurrean altxa ziren "gazte ero" haiek, geure herriari patu berri bat idazteko konpromisoa hartu zuten, eta horietako batzuk izan ziren Pelitxo, Kurro, Pelu eta Txapas.
Gure partetik, maitasuna dugu eskertzeko. Gure herriaren aldeko borrokagatik lapurtu baitzitzaizuen bizitza. Eta guk, herri hau maite dugulako eta zuek maite zaituztegulako, jarraituko dugu astakasunaren aldeko borrokan. Geure herria ukatzen dutenei herri memoriaz erantzunez, iluntasunean kokatu dutena argitara ateratzen.
Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna eguneroko lanez eraikiko dugulako. Bizitzak erdigunean jarriz, bizirik dagoen herria harilkatuz.
Gaur, beste behin, egia eta aitortza exijitzen ditugu Pelitxo, Kurro, Pelu eta Txapasentzat, zein beraien senide eta gertukoentzat. 37 urte beranduago ere, Pasaiko sarraskiak bere horretan jarraitzen duelako.
Injustizien aurrean altxatzen garen gazteok idatziko dugu oraina eta geure etorkizuna. Amets eta borroka beretik loratzen direlako adaxka gazteak.
Azkenik, Pasaiako sarraskian eraildakoen senideek antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dugu; gaur arratsaldeko 19:00tako lore eskaintzan, eta martxoaren 27an, larunbatean, 18:00etako ekitaldian.
Zuen borrokak guregan darrai!
Agur eta ohore Pelitxo, Kurro, Pelu eta Txapas!
Jo ta ke irabazi arte!