Zuek gabe, askoz hobe

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2021ko mai. 23a, 17:35

Azpeitiko Ernaik honako irakurketa hau kaleratu du atzo jazotako gertakarien harira.

Hasteko eta behin, Azpeitiko Ernaitik elkartasuna adierazi nahi diegu atzo gauean atxilotuak eta jazarriak izan ziren gazte guztiei. Era berean, gogor salatu nahi dugu poliziaren gehiegikeria.

Ez da kasualitatea atzo arratsaldean Azpeitian Ertzaintzak egin zuen desfilearen ondoren horrelako berriekin esnatzea. Atzoko jazarpen poliziala ekintza isolatu batetik haratago doa. Aurrez antolatutako polizia-dispositiboa zen atzokoa. Karga poliziala, foam jaurtigailuak, beraien autoetan jendea harrapatzen, jipoiak, mehatxuak, identifikazioak, zaurituak, Sanjuandegiko kaleetan ere gazteei segika... Aski da!

Pandemia egoeran urtebete pasa daramagu jada, eta oraindik ez dira gai izan egoerari adarretatik eusteko. Aginpide guztia Espainiar Estatuari utzi eta hark esandakoei men egitera mugatu da Eusko Jaurlaritza. Hala, ez du pauso bakar bat ere eman herritarren egoera honi aurre egiteko baliabideak eskaintzeko garaian.

Hau da PNVren kudeaketa eredua! Arazo guztien aurrean sektore ahulenei eraso egitea, polizia militarizatua erabiliz. Egurra Tubacexeko langileei, egurra Ernairen mobilizazioei eta egurra oraingo honetan Azpeitiko gazteei ere.

Herritarrak, eta batez ere gazteak, kriminalizatu nahi gaituzte. Modu horretan, arreta desbideratu nahi da oinarrizko arazoez ez hitz egiteko. Alabaina, argi utzi nahi dugu hemen ardura, edo hobe esanda, arduragabekeria handiena beraiena dela. Ertzaintzak darabilen indarkeria eta jazarpenaren helburua bat eta bakarra da: sistema kapitalista heteropatriarkalak gehiengoaren bizkar gutxi batzuei suposatzen dien pribilegioak bermatzea.

Ertzaintzaren jokabide horiek ezin dute inolako ondorio eta ardura politiko gabe geratu. Gazteak jipoitzen dituen eredu poliziala goitik behera aldatu behar da urgentziaz. Utzi gazteak jipoitzeari eta har itzazue behingoz geure bizi baldintzak hobetzeko neurriak, poltsikoei begirako politikak egin beharrean herriarentzako egin ezazue lan.

Azken hilabete hauetan gazteok jo puntuan jarri gaituzte behin eta berriz. Pandemia hasi zenetik gazteok erabili gaituzte haien burua zuritzeko arduradun politikoek. Horrela, erantzukizuna herritarron ardura indibidualean jarri nahi izan dute, haien ardura politikoaren gainetik. Hala ere, guk argi dugu neurriak modu kolektiboan hartu behar direla elkarren zaintza erdigunean jarriz.

Garrantzitsuena, gazteon larrialdi egoeraren aurrean neurriak hartzea da. Gazteriaren legea edo bestelako politika antzuez nazkatuta gaude. Gazteon larrialdi egoerarekin amaitzeko neurri errealak hartu behar dira. Horren aurrean gure hautua garbia da, antolatzen eta borrokatzen jarraitu behar dugu.

Halaber ezin dugu ahaztu oraindik ere pandemia egoera batean gaudela eta herritar guztiei zentzuz jokatzeko deia luzatzen diegu.

Beraz, gaur 18:30ean atzo gaueko gertaerak salatzeko egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten dugu.

Gazteok ez gara kriminalak! Gora euskal gazteria!

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide