Testigantza

Txoko desberdinak arakatzen

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2020ko abe. 5a, 09:00

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. 38 urte dituen Maiak bere esperientzia azaldu du lerro hauetan.

Bikotekidea izan ala ez, emakume asko kezkatzen ditu bagina-sarketa egiteko zailtasunak, praktika horrek eragiten dien minak edo beldurrak berak. 38 urte dituen Maiak honela kontatu du Plax! sexu eta bikote aholkularitzan izandako esperientzia:

"Emaginak arrazoi fisikorik ez zegoela esatean, nire ezintasuna areagotu egin zela onartu behar dut. Orduan, zergatik ezin dut koitorik praktikatu jende normalaren pare? Zergatik sentitzen dut mina plazeraren ordez?

(...) Txoko desberdinak arakatzen lagundu zidan: kezkak, desioak, jendea ezagutzeko bide desberdinak, ligatzeko modu sanoak… Eta horrek guztiak urteetan gainean neraman zama pixkanaka arintzen lagundu zidan. Inongo ezkutuko traumarik bilatzeko ahalegin handiegirik egin gabe, sexuarekin eta sexuaz barre egiten ere ikasi nuen; garrantzirik kendu gabe, nire bizitza ezintasun horren konplexutik ateratzea ahalbideratu zidan.

(…) Lagunartean bageunde bezala, erne entzuten ninduen sexologoak. Lanketaren nondik norakoa markatu ohi zidan: ekintza garbi bat proposatu eta etxeko lanak bidaltzen zizkidan hurrengo saiorako. Argi dago bidea norberarena dela, eman beharreko pausoak ere norberak eman behar dituela, baina  gaiari buruz benetan dakien baten eskutik joateak ez du preziorik!

(…) Eta, agian, guztia bere onera etorri dela irakurri nahiko zenuke azken lerroetan, gizarte honetan hitzartuta dagoen sartu-atera horretan ez dudala inolako oztoporik sentitzen, guztia konpondu nuela duela bi urte izandako saio haietan, baina ez da erabat horrela. Edonola ere, gai horrek lehen baino pisu gutxiago du orain niretzat. Dagoeneko ez naiz sexualki ezindu sentitzen; baditut beste hamaika aukera, beharbada, askok planteatu ere egin ez dituztenak".

Beldurra ematen digunari aurre egiteko, argi izan behar dugu saihesten dugun hori ez dela txikiago egiten; alderantziz, modu ez proportzionatuan handitzen da. Lehen pausoa emateko unea iritsi dela sentitzen baduzu, aurrera!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide