Honakoak dira izena emateko egunak eta lekuak:
- Urriak 12, ostirala, plazan: 19:00etatik 20:30era.
- Urriak 13, larunbata, plazan: 12:00etatik 13:30era.
- Urriak 14, igandea, plazan: 12:00etatik 13:30era.
- Urriak 19, ostirala, plazan: 19:00etatik 20:30era.
- Urriak 20, larunbata, plazan: 19:00etatik 20:30era.
- Urriak 26, ostirala, Sanjuandegin: 18:00etatik 20:00etara.
- Azaroak 3, larunbata, plazan: 12:00etatik 13:30era.
- Azaroak 9, ostirala, Urrestillan: 18:00etatik 20:00etara.
Horrez gain, herriko eskoletan ere mahaiak jarriko dira, urrian eta azaroan zehar. Bestetik, gogoratu Internetez ere eman daitekeela izena, izenematea.euskaraldia.eus webgunean. Dagoeneko 300 lagunek eman dugu izena Azpeitian, eta askoz gehiago izango gara!
Zer da Euskaraldia?
Ariketa sozial hau azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da, eta helburua da hizkuntz ohiturak aldatzea zein euskararen erabilera sustatzea. Hau da, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea. Horretarako, herritarrek bi rol hauen artean erabaki beharko dute:
Ahobizi: 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskaraz egingo diezu euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei. Ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezu eta euskara ulertzen badute, hurrengoak ere bai.
Belarriprest: 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskal hiztun guztiei zuri euskaraz egiteko eskatuko diezu.
Azpeitiarrok zeresan handia dugu Euskaraldian; izan ere, gure herriko egoera soziolinguistikoari ekarpena egiteaz gain, inguruko herrietan eta hirietan ere eragin dezakegu. Herri euskaldun bateko bizilagun bezala, euskara gurekin emango dugu edonora, eta indarra emango diogu Euskal Herri osoan zabal dadin.