Gehiago. Gehiagorekin. Gehiagotan. Horixe da datorren azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren Euskaraldiaren leloa, eta lelo hori Euskal Herri osoko leihoetatik eta balkoietatik hedatzeko, ikur berria izango du aurtengo Euskaraldiak: banderatxoa.
Azpeitiko etxeak ere Euskaraldiaren banderatxoz betetzea nahi dugu. Horretarako, ikur hori eskuratzeko ezarri diren bide orokorrak ez ezik, herrian bertan ere izango da banderatxoak erosi ahal izateko gune bat: Udal Euskaltegia. 600 banderatxo jarriko dituzte bertan salgai, eta bat edo gehiago erosi nahi dituztenek astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara izango dute horretarako aukera.
Bost euroren trukean eros daitezke banderatxoak, eta ekarpen hori "krisiaren eraginez arriskuan" dauden euskararen aldeko egitasmoei eusteko izango da, baita euskararentzat "estrategikoak" diren bestelako ekimenetarako baliabideak eskuratzeko ere