Baditut makina bat arrazoi gai horiek zuenganatzeko. Alde batetik, ezinezkoa delako gaur egungo gizartea ulertzea zientzia alde batera utzita. Gure eguneroko bizitzan berebiziko garrantzia eta protagonismoa dute zientziak eta teknologiak. Giza harremanak, lana egiteko modua, mugikortasuna, hezkuntza, aisia eta abar, zientziak eta teknologiak guztiz baldintzatuta daude. Askotan konturatzen ez bagara ere, gizakiaren historian aldaketa handienak zientziaren eskutik iritsi dira. Baina, zenbat dakigu guk 'gauza' horiei buruz? Iristen al da gizartera beharrezkoa den ezagutza zientifikoa? Nik uste, tamalez, ezetz.
Azpeitia lan handia egiten ari da aspaldian kultura gizarteratzeko. Geroz eta ekimen gehiago ikusten ditugu eta hori, noski, oso positiboa da herritarrentzat. Ezagutzak askatasuna dakar. Ezagutzak erabaki hobeak hartzeko gaitasuna ematen digu, bai norbanako gisa zein gizarte bezala. Baina kultura zabaltzeko lan horretan askotan erren geratzen gara. Literatura, musika eta artea oso present ditugu gure kultura ekimenetan, eta hala behar du. Baina zientzia zer?
Kultura espresio handiena
Zientzia gizakiak modu kolektiboan garatu duen kultura espresio handiena da. Jakin-nahia eta sormena zutabetzat hartuta, gure mundua ulertzeko dugun metodorik onena da. Ideiak, ereduak eta prozesuak naturaren epaiaren menpe jartzen ditu zientziak, hark erabaki dezan zer den zuzena eta zer ez. Eta horrela, pausoz pauso Unibertsoaren jaiotzaren lehen segunduraino iritsi ahal izan gara. Kobazuloetan bizi ziren haiek izarrei beldurrez begiratzen zieten bitartean, guk, beraien eta ondorengoen lanari esker, zer diren ikasi dugu.
Ezagutza zientifikoa gure kulturaren zati oso garrantzitsua da eta, beraz, gizarteratu beharra dago, beste kultura espresio guztiak bezalatsu. Gainera, ezagutza zientifikoa ezinbestekoa da gizarte bezala hartu nahi ditugun erabakiak hartzeko. Ezingo dugu inoiz erabaki onik hartu energia, osasun, zabor eta garraio politikak bezalako gai garrantzitsuen inguruan ez badugu gutxieneko ezagutza zientifikorik. Demokrazia behar bezala gauzatzeko, kultura zientifiko zabaleko gizarte bat derrigorrezkoa da gaur egun.
Eta hemen nago ni, txoko honetatik hutsune ikaragarri hori pixka bat betetzeko asmoz. Lan zailak hartuta nabil, bai, badakit. Azpeitiar bakar bati zientziarekiko grina edo interesa piztuz gero, pozik geratuko naiz. Zaila baita hain espezializatua bihurtu den kultura esparru hori jendeari modu errazean erakustea. Baina merezi du. Jendearengan pentsamentu kritikoa bultzatzeko modu onena da. Hori baita gakoa: pentsamendu kritikoa, galderak egitea eta ezagutza bilatzea.