Asko laburbilduz, haustura hidraulikoa erregai fosilak (petroleoa eta gas naturala) lurpetik ateratzeko teknika bat da. Erabilgarria suertatzen da haztarnategi ez-ohikoetan, hau da, betiko teknikak erabiliz ezer atera ezin den lekuetan, nahiz eta erregaiak bertan egon badauden. Erregaiak ateratzeko, zulo sakonak egiten dira lurrean, bertatik ura, garea eta azido batzuek injektatuz.
Arriskutsua al da fracking-a? Dirudienez, fracking-ak bi arrisku nagusi ditu: alde batetik, ikerketa zientifiko askok erakutsi duten bezala, mikro-lurrikarak sortzen dituzte; eta bestetik, aztarnategiaren inguruan egon litezkeen akuiferoak kutsa litezke erabiltzen diren produktuekin. Bi arrisku horiek, hala ere, leku bakoitzean baloratu behar dira, erabiltzen diren errekurtsoak eta prozesuak ongi aztertuz.
Dena dela, fracking-aren kasuak berriro agerian jartzen du gure gizartea erabakiak hartzeko prozesua. Interes pribatuak eta lelo erakargarriak alde batera utzita, gizarteak iturri fidagarrietara jo beharko luke teknika horren inguruko informazioa biltzera. Iturri horiek ikerketa zientifikoak dira. Ezin dira onartu froga zientifikorik ez duten baieztapenak debate hauetan. Hori oinarritzat hartuz, ondoren agertuko dira azterketa ekonomikoak, interes politikoa eta abar. Eta gizarteak erabaki beharko du zerri eman nahi dion lehentasuna. Baina erabakiaren muinean arazoaren ulermen egoki batek egon behar luke beti. Eta hori zientziaren eskutik dator.
Aldaketa klimatikoa, jomugan
Nire iritzian, fracking-aren alderdi negatiboena ez dago mikro-lurrikarak eta akuiferoekin erlazionatuta. Ziurrenik, arazo horiek konpondu ala kontrolatzeko moduak egongo dira (nik ez dakizkidan arren). Fracking-a, azken batean, erregai fosilak ateratzeko erabiltzen da. Beraz, betiko eredu energetikoak urte gehiagoz biziraun dezan laguntzen du. Azken hamarkadetan egin diren ikerketek argi utzi dute erregai fosilen erabilerak direla aldaketa klimatikoaren erantzule nagusiak. Ondorioz, fracking-aren bitartez aldaketa klimatikoa bultzatzen jarraitu besterik ez dugu egingo eta hori bai izango dela izugarrizko arazoa gizakiontzat.
Baina hori, nire iritzia besterik ez da. Gizartea informatu egin behar da, gertakariak eta ikerketa behar bezala azalduz, objetiboki (artikulu honen hasieran bezala). Aldez aurretiko iritziak gorde egin behar dira informazioa ematerako garaian. Erabakiak hartzerako garaian baloratu beharko dira gertakari objetiboen gainean, bestelako gogoeta eta argudioak. Bina hau, beste behin, nire iritzia besterik ez da.