Nire leihotik

Isiltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Salegi 2023ko aza. 2a, 08:37

(Argazkia: Haizea Salegi)

Haizea Salegik 2023ko urriko Uztarria aldizkarian Nire leihotik atalerako egindako ekarpena da hau.

Argazkiari begiratu eta isilik geratu naiz, hitzak desagertu zaizkit.

Basoko isiltasunak harrapatu nau, eta ez dakit entzuten dudana haizea edota nire arnasa den.

Basoko isiltasunean, belar eta sasi artean emandako pausoen soinua, zuhaitzen dantza, txorien elkarrizketak eta hostoen hegaldiak entzuten ditudala ohartu naiz, eta orain ez dakit basoak isiltasunik ba ote duen ere.

Zer da isiltasuna? Presentzia edo absentzia?

Ez dut ezagutu isiltasun absoluturik, baina bai barneko zaratak ito dizkidaten zenbait isiltasun.

Liburu bat irakurtzeak edota ekaitza entzunez lo hartzeak isiltzen naute, isiltzen zaituzte.

Argazkiari begira hitzik gabe geratu naiz berriro, etxola osatzen duten harriek isiltasuna zer den jakingo ote duten pentsatzen jarrita despistatu naiz, eta konturatu gabe, testu honi amaiera emango dioten azken hitzak idatzi ditut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide