Leku hau berezia da. Ez bakarrik inguratzen eta osatzen duten elementu guztiek lekua bera egundokoa bilakatzen dutelako, baita arnasten, sentitzen eta entzuten den guztiak neu berezi bilakatzen nautelako ere.
Leku hau berezia da. Urteak daramatzat udan bertara joaten, eta bakoitzean gehiago gustatzen zaidala ohartu naiz. Leku berriak ezagutzea atsegina da, baina benetan maite diren lekuetara itzultzeak beste sentimendu batzuk pizten ditu barrenean, oroitzapenak gogora ekartzen eta minak sendatzen dituelako.
Leku hau berezia da (niretzat behintzat). Pinuz osatutako basoaren eta urtegiaren arteko zelaira gerturatzen naizenetan, korapilatutako emozioak banan-banan askatzen, barruko ahots nekagarria isiltzen eta ni neu naizenarekin erabat konektatzen dudalako, bakea nagusi den leku xarmagarri honetan galduz.