Zer da zoriontsu bizitzea? Neuk ere ez dakit galdera horri erantzuten. Edo bai. Jakin badakit zoriontasuna zerk ematen didan edo zerk egiten nauen zoriontsu. Baina bizitza zoriontsu bat nolakoa den deskribatzea buruhauste itzela bilakatzen da niretzat.
Zoriontasuna gauza materialekin baino gehiago norberaren izatearekin lotuko nuke. Ezin gara zorionaren atzetik ibili, zoriona aurkitzeaz arduratu. Zoriona gure barnean sortzen eta sentitzen den zerbait delako. Bakean egotea da niretzat zoriona, neure buruarekin bakean, orekan eta harmonian.
Alferrik jarriko gara biharko egunarekin pentsatzen, existitzen den une bakarra hemen eta orain delako. Eguneko momentu txiki guztietatik saiatu behar gara zoriontasuna xurgatzen, gure onena ematen eta daukaguna baloratzen, gutxirekin ere zoriontsu bizitzea posible delako.